Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kultura garestiegia omen

Kultura garestiegia omen

Amatiño 2022/09/13 23:55
Arantzazu Egunaren biharamunean kontzertu bi (1) izan ziren bertako santutegian, Columbus Fundazioak eratuak, haurren gaixo arraroen ikerkuntza laguntze aldera. Bietan izan zen aparteko abagunea, XVIII. mendean Giovanni Guadagninik egindako biolontxeloa bertatik bertara ikusteko eta entzuteko.
Kultura garestiegia omen

Basterretxearen Kristoa, Quintana eta "Il Soldato"

Giovanni Guadagnini (1711-1786) lutier veneziarra da, Antonio Stradivariren (“Stradivarius”) ondotik, sekula izan den biolingilerik onenetakoa. Berrogeita hamar inguru dira, gaur egun,  Guadagninik egindakotzat ezagutzen diren biolinak eta, hamarren bat, biolontxeloak. Guadagniniren biolinik merkatura atera zen azken aldiz, bi miloi eurotan balioetsi zen. Biolontxeloek, berriz, horren urri izanda,  ez dute jakineko preziorik.

Preziorik ezean edo, hobeto esan, ezein biolontxelistak bere kasa ordaindu ezinean, tradizioak jarri du indarrean nolabaiteko sistema, zeinetan orkestra, erakunde edo fundazioren bat jabetzen den harako musika-tresnaz, eta biolontxeko-jotzailerik onenetako baten eskutan jartzen duen, hartaz ardura dadin, kontzertuz kontzertu erabil dezan eta, jotzeari uzten dionean, hurrengoren bati pasa diezaion, hiru baldintzaz: biolontxelista ona bezain pertsona zintzoa izateaz gainera, erretreta egunean arau berberak beteko dituen beste musikariren bati lagatzea, katea ez dadin eten.

Gaur egun, Giovanni Guadagninik XVIII. mendearen amaieran egindako biolontxeloetako bat, “Il Soldato” izenez ezaguna, Angel Luis Quintana (2) maisuak darabil, Herre Jan Stegenga (3) mitikoaren eskutik jaso ostean.

Segurutik, Johann Sebastian Bach-ek biolontxelorako propio burututako suite barrokoak edo Pau Casalsen “El cant dels ocells” (Txorien kanta) entzutea ez da, Spotify-ren aroan, gauzarik zailena. XVIII. mendeko biolontxeloaz jotzen ikusi eta entzun ahal izatea zailtxoagoa dateke. Eta hori guztia, Nestor Basterretxeak, espresionismo sinbolikoaz, 1984 urtean amaitutako  kriptaren magalean gertatzea, berriz, agian bizitzan behin baino suertatzen ez den mauka horietakoa.

Sarrerak, 10 eurotan. Internetez nahi beste hartzeko aukeraz.  Haurren gaixo arraroen ikerkuntzaren mesedetan. Kripta erdi baino ez zen bete. Kultura garestia omen.

(1) Eguerdi aurretik Angel Luis Quintanak Bachen biolontxelorako hainbat suite barroko jo zituen kriptan, eta iluntzean, eliza nagusia gainezka, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koralak, elkarrekin eskaini zuten Fauréren Requiema eta beste hainbat interpretazio, Madinaren “Aita Gurea”, Ravelen “Pavana”, Bruchen “Kol Nidrei” eta beste, Quintana biolontxelista tarteko.

(2) Angel Luis Quintana, Espainako Orkestra Nazionalaren bakarlaria da, Bartzelonako Liceuko, Rotterdamgo zein Kanarietako kontserbatorioetako irakaslea.

(3) Herre Jan Stegenga herbeheretarra, XX. mendeko biolontxelo-jotzailerik ospetsuenetakoa, haren belaunaldiko erreferentziarik handienetakoa. 

Basterretxearen kripta
Angel Luis Quintanaren biolontxelo kontzertua, 1984ean Nestor Basterretxeak pintatutako kriptan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: