Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kuantikaren xarma

Kuantikaren xarma

Amatiño 2025/05/16 16:02
“Aldatu txipa, murgildu kuantikan” izenburupean hitzaldia eskaini du Aran Garcia Lekue (1) Donostia International Physics Centerren Ikerbasqueko irakasle eta ikertzaileak, aurten Zientzia eta Teknologia Kuantikoen Nazioarteko Urtea ospatzen dela-eta (2). “Kuantikaren xarma” aldarrikatzen du doktore zornotzarrak. Xarma zer den sumagarria da. Baina zer da kuantika?

Adarjotzaile samarra omen zen Richard Feynman fisikari estatubatuarrak zera esan zuen 1960ko hamarkadan: “inork ez du mekanika kuantika ulertzen”. Hala ere, 1965 urtean Fisika Nobel Saria eman zioten, berak aitortzen zuen baino gehiago ulertzen zuelakoan. Hala ere, Feynmanek ez zuen batere ziri-jokorik asmatu, hainbat hamarkada lehenago Niels Bohr fisikari danimarkarrak aurreratua baitzen: “Fisika kuantikaz harritzen ez dela dioenak ez du segurutik ondo ulertu”.

Fisika kuantikoak bide luzea egin du Max Planckek (1900) eta Albert Einsteinek (1905) lehen aztarrenak azaldu zituztenetik. Eta hasiera beretik jo zen “ulergaiztzat”, besteak beste fisika klasikoaren oinarrizko hainbat “egia” hankaz gora jartzen zituelako. Kontua ez da, ordea, fisika klasikoa eta kuantikoa kontrajarriak direnik, bi esparru desberdinetan ari direla baizik. Izan ere, klasikoak eskala handiko sistemen portaera aztertzen du eta kuantikoak, aldiz, txikikoena. Zenbaiterainoko txikiak? Ba… sagarra Marte planetarekiko bezain txikia da mundu kuantikoa sagarrarekiko. Hutsaren hurrengoa. Azazkala egun batean hazten dena baino askoz ere txikiagoa.

Hona bi adibide, fisika klasikoaren eta kuantikoaren arteko desberdintasuna adierazteko. Klasikoak diosku –eta gure logika osoz ulertzen eta onartzen dugu— esku-pilotak frontoiaren horma jo arren ez dela sekula beste aldera pasatuko. Fisika hutsa da. Baina pilota kuantikoak, ordea, frontoi-horma kuantikoa behar beste aldiz gurutzatuko luke, nahiz hain ulergarri ez iruditu. Hau ere fisika da, fisika kuantikoa.

Aldi berean, fisika klasikoak diosku, eta ontzat ematen dugu, txanponak bi alde besterik ez dituela: aurpegia eta gurutzea. Baina zenbat posizio desberdin ditu txanpona gora bota eta lurrerainoko joan-etorria egin eta kolapsatu arte? Konta ezin ahala.

Kuantikak aplikazio berriak eragin ditu honezkero, telefono mugikorretan, GPSan, laserrean nahiz hospitaletako erresonantzian eta abarretan. Baina orain sumatu ezin bestekoak izango dira ondoren uholdeka eratorriko diren aplikazioak. Hala ere, ikerketa aplikatuaren helburua arazo praktiko eta zehatzak ebaztea eta prozesuak hobetzea den arren, oinarrizko ikerketaren helburua, berriz, ezagutza orokorra zabaltzea eta sakontzea da.

Hau da, mundua, unibertsoa eta natura hobeto ezagutzea. Eta honetan datza, hain zuzen ere, Aran Garcia Lekue oinarrizko ikertzaileak suspergarritzat jotzen duen lilura: kuantikaren xarma. 

1) Arantzazu Garcia Lekue.

2) Hitzaldiak ikusentzule dezente bildu zuen Tabakalerako Kutxa Fundazioaren Aretoan. Pedro Migel Etxenike, DiPCen presidentea, eta Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendari nagusia tarteko, beste hainbat  ikertzaile, irakasle eta unibertsitari. Eta ez soilik fisikariak, baita biologoak, filosofoak eta beste ere. 

.

Arantzazu Garcia-Lekue
Aran Garcia Lekue, fisikako doktorea, Kutxa Fundazioaren aretoan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: