Kritikorik “vintage” eta independienteena
Atzekoz aurrera begiratuz gero, ez da erraz ulertzekoa nola iraun duen horren luze eta eraginkor, kritikagintzaren gailurrean, beti ere Hollywood klasikoaren zale azaltzeaz gainera, berrikuntza txikerrak ere esperimentu aspergarritzat baztertzeko espanturik izan ez duen kritikariak. Halaber, mendebaldeko ohiko moldeen mesedetan ekialdeko uhinari muzin egiteaz aparte, misoginiaz** harrotzeko lar lotsarik izan ez duena. Sekula argudio argirik eman gabe, boutadez boutade, edonor eta edozer gutxiesteko, mespretxatzeko eta hutsaltzeko galga handirik erakutsi izan ez duena. Oro har, beste inork ez bezala, zinema-sektorea kontra izan duena.
Zer gerta ere, ezin esan Carlos Boyero “vintage” samarra ez denik. Kazetaritza beltzaren lekuko (alkohola, drogak, gau-klubak…), ez omen du gidabaimenik, ez Internetik, ez posta elektronikorik… telefonoz hitz egiteko Alcatel xumea baino ez. Eta ez da jubilatzeko zorian dagokeen adintsuaren ezinbesteko ajea, 50 urteko kritiko heldua zelarik ere, zetorkion gizartea bost axola zitzaiola ondotxo frogatu zuen profesionalaren kezkarik eza baizik.
Carlos Boyerorekin amaitu ere amaitzen da zinema-kazetaritzan parte hartzeko modu zaharkitua. Belaunaldi berriak leporatzen dio zutabegile hutsa baino ez izatea; sekula informaziorik, elkarrizketarik edo bestelakorik egin beharrik ez izatea. Eta, inork ordainduta, ostatu eta jatetxe garestietan ezelango ardurarik gabe jardundakoa. Besteak beste, sare sozialek behin betiko alboratu duten azken dinosauroa. Nahiz honek guztiak ez esangura, tuitez tuit eta gustatzen-zaidaka diharduen belaunaldiak zinema deskubritu duenik.
Segurutik dena da egiantza-edo. Baina inork ukatuko ez duena zera da: Carlos Boyero izan dela, azken hogeita hamar urteotako espainiar zinema-sektorearen inguruan, kritikaririk askeena eta independienteena. Beste kontu bat da, ordea, ez ote zukeen zorioneko independientzia horretaz aproposago eta onuragarriago baliatzeko abagunerik izan. Baina orduan ez zitekeen Boyero izango.
** Hogeitaka lagun dira elkarrizketatuak, zortziren bat emakume, eta berauek dira Carlos Boyero estuen hartzen dutenak.