Kritikaren kritika
“Walls” demostró que Martin Harriague cuenta con mayor número de recursos para acometer una creación, aunque los fuegos artificiales no consiguieron ocultar lo maniqueo de su propuesta. Meter en el mismo saco a Donald Trump, la Intifada y los muros entre EE.UU. y México, e Israel y Cisjordania, cuando menos indica una cierta desorientación en cultura política. Un producto ramplón para agradar a la opinión pública europea” (DV, 2020-XII.20).
Esaldia da Iratxe de Arantzibia dantza-kritikariarena. Hala ere, Victoria Eugenia antzokian bildu ginen “europarrok” hainbat minutu luzez txalotu genuen ikuskizuna amaitu ondoren eta, irteerako atarian, aho beteko iritzi onak baino ez ziren entzun Martin Harriagueren lanaz.
Beharbada, “europarrok” arinegiak gara eta lar axolagabeak. Lotsagarri samarra, antza, #56-Thirty, Hombre Masa, Walls izeneko dantza-saioa ikustera joan eta, koreografiaz, musikaz zein dantzaldiaz gozatzen ausartzea… Mexikoko zein Zisjordaniako harresien arteko alde politikoez jabetu beharrean.
Segur aski denok izan dezakegu manikeismoan erortzeko tentaldia eta subjektiboak izateko arriskua, batez ere ikuskizuna gure inguruko dantza-taldearena denean eta, koreografoa, Baionako artista ezaguna. Baina zilegi bekit Iratxe de Arantzibia kritikariari galdetzea, ez ote dagokeen manikeismo-arriskurik bere iritzi honetan: <qué menos que se justifique> "la inversión del erario público en este proyecto que tantas veces ha mutado de piel que ya no se sabe si es compañía preprofesional, junior, joven o qué, porque donde no hay mata, no hay patata”. Auskalo arrazoirik ote duen ala ez. Baina, normalean, arrazoizko argudioek ez dute isekarik behar izaten. Gazte-andana horrela tratatzea ez al da “ramplona”?
Nago, bezperan aurkeztutako ikuskizunari dagokiokeen kritika ez dela lekurik aukerakoena funtsezko egitasmo osoa arbuiatzeko. Zalantzan, gero, aldez aurretik horrela uste duen kritikaria aproposena ote den oholtza gainean azaldutakoa objektibotasunez balioesteko. Batek daki, aurreiritzi horiek tarteko, hurrengo batean merezi izango ote digun bere kritika irakurtzen hasteak ere. Arduratzekoa, berriz, horrela jarduten duen profesionalak ez ote duen bere buruari aitortu nahi ez dion ezintasunik edo noraezik.