Kristoren historia
Zinea, behintzat, dezente aldatu da, Zazpigarren Arteak, arte denetik, eman duen filmik aipagarrienetakoak nekez lortuko zukeen-eta, orain, orduko arrakastarik. Hain zuzen, 1959an. 11 Oscar bereganatu zituen Ben-Hur delakoak “Gone with the wind” (Haizearekin joana) pelikularen maila (10 Oscar) gainditu zuen, genero bereko “Quo vadis?” mitikoaren lorratza ahaztarazi, eta ez zuen parekorik izan, 1997an “Titanic” filmak beste horrenbeste lortu zuen arte.
Aldi berean, “Ben-Hur” pelikulako koadrigen lasterketa da, segurutik, sekula zinemagintzaren historian izan den artesau-ekoizpenik landuenetakoa, “efektu bereziak” zer zirenik ere inork ez zekien garaietan eta, are gutxiago, jakina, baliabide digitalak. Ahaztu ezinezkoak zortzi futbol-zelai besteko estudioetan barrena eraikitako zirku erromatarra, kilometro erdiko hareatza eta propio jasotako harmailetan bildu zituen benetako 7.000 ikusleak.
Hala ere, gaur egungo begiez ikusita, zein sasi-jatorrak ematen duten Judeako kartoizko herrixkak, zein “jaiotza” itxurakoak Belengo portalea eta basamortuko oasiak, eta zer sinesgaitzak dutxatik irten berriak diruditen lejiolari erromatar txukunak, sidolez garbitutako armadura distirez, sekula aurretik jantzi gabeko gonatxo zurigorriak, estreinako, soinean.
Zer esan, berriz, kontakizunaz eta elkarrizketez. Hitz-jarioa, behintzat, antzerki klasikoaren ezpalekoa eta haria… 1950eko hamarkadan Estatu Batuek bizi zuten giroaren lekuko, ezin bestean. Batetik epikoa, erromantikoa eta erlijio-kutxukoa, Estatu Batuen eta Sobiet Batasunaren “Gerra hotza” tarteko. Washington eta Moskuren arteko dema ez baitzen bi herrialderen artekoa soilik izan, tradizio, ideologia eta gizarte-balio kontrajarridun bi sistema politikoren artekoa baino. Komunisten aurkako “sorgin-ehiza” eta macarthismoaren garai ilunak.
Bestetik, juduen “betidaniko” independentzia-nahia soberan azpimarratzen da pelikulan zehar, duela bi mila urteko Judean nekez erabili zitezkeen XX. mendeko hitz-jokoak ezarriz. Izan ere, 1948an sortua zen Israelgo Estatua, eta ez zen ezustean izan Estatu Batuetako Truman presidentea ontzat eman zuen lehen gobernu-burua (11 minutu baino ez omen zituen behar izan). Giro hartan, juduen aldarrikapenen adierazgarri, lekuko eta mezulari nabarmena da, besteak beste, Ben-Hur.
Zer gerta ere, urteak joan eta urteak etorri, ez dut nik inondik ere uste hiru ordu eta erdiko film hau luze egin zitzaionik, orain 60 urte, 15 urte inguruko nerabeari. Erabat aspertarazi zuen, ordea, bart, ia 75 urteko zaharra.
Eskerrak ez zegoen, biharamunean, inora joan beharrik!