Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Krisialditik ateratzeko errezeta: konfiantza eta elkarlana

Krisialditik ateratzeko errezeta: konfiantza eta elkarlana

Amatiño 2013/01/20 10:45
Konfiantza eta elkarlana, hona Edurne Pasabanen errezeta, krisialditik ateratzeko. Holaxe adierazi zuen, aurreko larunbatean, Marcelo Gangoiti sarien ekitaldian. Mendigoizaleen hitz-moldeak erabiliz, tolosarraren ustez “honezkero denok jabetu gara krisiaz, egokitu gara krisialdi-girora, 'aklimatatu' gara, eta, orain, kanpamendutik ateratzeko ordua da”.
Krisialditik ateratzeko errezeta: konfiantza eta elkarlana

Edurne Pasaban, Muskizen

Edurne Pasaban hizlari nagusia izan zen, Muskizen, aurtengo Marcelo Gangoiti sarien emanaldian eta, galderantzunen txandan, Juan Ignacio Motiloa industria-sailburuorde berriak itaundu zion zein ote litzatekeen, haren ustez, egoera latz honen aurrean azaldu beharreko jarrera. Tolosar mendizaleak bi ideia aipatu zituen labur asko: konfiantza eta elkarlana.

Pasabanek adierazi bezala, “ezinbesteko aklimatazio-garaia pasatu da, denok moldatu behar izan dugu krisialdi-girora, kanpamendutik ateratzeko ordua da, eta aukera berriei aurre egiteko unea, konfiantzaz eta elkarlanean”.

Edurne Pasabanen iritziz, sekulako ahalak ditugu, jende ikaragarri ondo prestatua, adorerik eta kemenik ez zaigu falta, baina “behar bada, urritxo elkarlanean, talde-lanean, arlo honetan badugu zer ikasirik”. Adibide gisa, aitortu zuen: “Jakina ni arrakasta dezente lortu duten hainbat mendizale-talderen aurpegia naizena, baina zalantzarik ez gero ni ez nintzela sekula iritsi naizen gailurretara iritsiko, atzean lan-talderik izan ez banu”.

Ezaguna denez, Edurne Pasaban Industria Ingeniari Teknikoa da eta ESADE masterra. Aspaldiotan coaching alorrean dihardu lanean, ikastaroak eta mintegiak ematen; alegia, zelan enpresaren baitan ezarri, edozein zortzi milakotara igotzeko behar diren talde-lana, metodologia, motibazioa eta kemena.

Jaime
Jaime dio:
2013/01/22 17:38
Guztiz interesgarria iruditu zait Edurnek esandakoa krisialditik ateratzeko: elkarlana eta konfiantza. Bera bezalako mendigoizale handiari dagokion aholku egokia. Bai horixe!!
Hala ere, beste bi osagarri gehituko nioke aterabide honi: gardentasuna maila guztietan eta justizia zorrotz eta menpekotasunik gabekoa, zeren, amorragarria izango bailitzateke Herriak jota ke lan egitea alde batetik eta “betikoek”, bestetik, euren ustelkeriei esker, Herriak lortutakoa paradisu fiskaletara eroatea orain arteko zigorgabetasunaz babestuak.
Beharbada, gehiegi eskatzen dut.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: