Kortaren omenetan, nondik jaten dugun jakin
Diktaduraren hondarrean, Donibane Lohitzuneko kafetegi-terraza batean, zerga-iraultza ordaintzeko asmorik eza ari nintzaiolarik arrazoitzen, eskalearenak egiten ziharduen ETAren buruzagi ezagunak zera esan zidan zintzo samar, eskuzabal eta onbera antza: “Guk ez dugu inor hil ez ordaintzeagatik”. 25 urte geroago, berriz, demokrazia normaldu samarrean eta egungo euskal herri-erakunde berberak indarrean zirela, ETAk Joxe Mari Korta erail zuen (2000.08.08), eta ez, Joxe Marik berak ez ordaintzeagatik, gainerako enpresariei ez ordaintzeko esate hutsagatik baizik.
Hogei urte geroago, zalantzarik ez ETAren inkisizio-zentzuak eta mafia-logikak erail zutela Gipuzkoako enpresarien presidentea; baina, aldi berean, ezpairik ere ez da, egoera beltz hark ez zukeela hainbeste iraungo euskal gizartearen parte handi batek ez ikusi egin izan ez balu eta, are gutxiago, oraindik ere, hogei urte geroago, indarkeria hura salatzeko sekula momentu egokirik aurkitzen ez duten jarrerek ameto eman izan ez balute.
Beti ere atzera begira jarraituko ez badugu, aukeran dator Xabier Barandiaranek “Joxe Azurmendiren Kongresuan" proposatutakoa (Nazio edukiak eta naziogintzaren etorkizuna Euskal Herrian - 34. minututik aurrera). Alegia, euskal herritarrok --eta hiritarrok-- aurrera egingo badugu, “nondik jaten dugun galderari erantzun konpartitu bat emateko gauza izan behar dugula”.
Beste modu batez esanda, abertzaletasunaren aldetik orain arte eman zaion garrantzia baino gehiago eman behar diogula ekonomiari. Hau da, Herri honen biziraupena segurtatzen ahaleginduko bagara, behingoz ohartu beharko dugula zein garrantzitsua den Herriaren etorkizunerako enpresak edukitzea, euren kapitalarekin eta bertako egituratze-sistemekin.
Auskalo, enpresariei gizartearen parte izatea ukatzen dien abertzaletasunak etorkizunik izan ote dezakeen egungo munduan; eta, nago, enpresariak gutxiesten, arbuiatzen, mespretxatzen eta erdeinatzen dituen abertzaletasuna nekez izan daitekeela benetan abertzale. Beste zerbait izango da segurutik, eta, behar bada, oso garrantzitsua gainera, baina ez abertzalea.