Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Korta erdi-erditik pasatu eta… ikusi ez!

Korta erdi-erditik pasatu eta… ikusi ez!

Amatiño 2020/08/28 20:00
Jakina, kortak edo saroiak ganadua biltzeko egokitzen ziren larre biribilak zirena. Pentsatzen ez jartzeagatik, ostera, beti uste izan dut garai bateko abelzaintzari zegokion kontu zaharra zela, etnografia-ikerketetan agertzen diren gai ahitu horietakoa. Nekez izan zitekeela horrelakorik aurkitzea egungo industria-gizartean eta, are gutxiago, Eibar inguruan. Hala ere…

Horra non, ostera, Eibartik Ondarroarako mendi-bidea berraurkitu gurarik, Googleren satelite-mapan agertu zaidan, begi-bistan, zuhaitzarteko zelai biribila, Ondarroako Gorozika* auzoan, Bizkaia eta Gipuzkoa arteko muga-mugan. Duela hiruzpalau hamarkada hainbat bider bertatik pasatu izan arren, sekula ez nuen jakin, ordea, Burdin Arotik datorkeen “asmakizuna” ezustean zeharkatzen nuenik.

Kortak edo saroiak (kaiolar, zubereraz) sailean ikusteko alturarik egokiena 2.000 edo 3.000 metrokoa omen da. Hau da, guk gaztetan erabiltzen genituen kartografia militarrek inondik ere ezin zutena eskaini eta orain, etxetik atera gabe, sateliteak, internetez, samur asko opatzen diguna.

Korta (gorta) bakoitzak izan ohi zuen erdi-erdian “austarria” edo “hautsarria” (errauts-harria), eta bertatik zabaltzen zen zirkulua, 400 metro inguruko diametroaz. Barandiaranek azpìmarratu zuenez, saroien eta harrespil megalitikoen arteko antz nabarmenak jatorri beretsua iradokitzen digu. Era berean, Barandiarani berari jaramonik egingo badiogu, gaur egun kortetan dauden baserriak noizbaiteko borda egokituak eta eraberrituak baino ez dira.

Segurutik korten arauez idatziz arduratu zen lehen euskalduna Pedro Bernardo Villarreal de Berriz (1670-1740) arrasatearra izan zen, ingeniari, arkitekto, itsasontzigile eta enpresaria, “Máquinas hidráulicas de molinos, y herrerías, y gobierno de los árboles y montes de Vizcaya” (1736) delako liburuan. Egunen batean ‘novatore’ honetaz zertxobait idatzi beharko dugu, bai bere ukatu ezinezko merituengatik eta baita ere, gure kasuan, eibartar jatorriko Ynarraneko oinordeko aberatsarekin ezkondu zelako.

SAROIAK ETA KORTAK. Mendialdeko antzinako gizartearen oinordekoak

    

Gorozikako korta
Ezkerrean, Gorozika auzoa, non, barrenean, nabarmentzen den korta. Goian, Ondarroa (Bizkaia) eta Saturraran (Gipuzkoa), aurrez aurre. Eskuinaldean, Mutrikuko Mijoa auzoa.

Korta
Gorozikako korta, baserri eta guztikoa. Oraingo baserriak, lehengo bordak omen.

* Berriatua eta Ondarroa udalerrien arteko mugak nondik norakoak ote diren zehatz-mehatz jakitea ez da gero erraza, bertakoak ez garenontzat, behintzat. Ustez apal samarra dirudien Berriatua, guztiz harroxkoa ematen duen Ondarroa irensteko besteko handia da. Mapan ikusi besterik ez dago konturatzeko, Ondarroa Berriatuaz inguraturik dagoela zeharo (auzoko Markina, Elgoibar edo Mutrikura joateko ere Berriatuatik pasatu behar da). Izan ere,  Berriatuatik igaro gabe,  mundu zabalera ateratzeko, ondarroarrek itsasoa (eta itsasbazterreko pasealeku meharra) besterik ez dute. 

Sosola
Sosola dio:
2020/08/28 21:56
Ola-k
Oier G
Oier G dio:
2020/08/29 11:18
Allande Socarros lagun zuberotarraren esanetan, CAYOLAR bearnesez da; han üskaraz OLHA esaten detse mendiko bordei (kortei bebai? hori ez dakitt(.
Amatiño
Amatiño dio:
2020/08/29 13:27
Bai. Arrazoia.

“Olha” aipatzen da nik ezarritako esteka batean:
En sus orígenes el “Sel” guarda similitud con la “bustaliza” navarra = terreno acotado para pasto de bueyes (Fuero General de Navarra [ALVAR 1978]), y que se corresponde con una de las acepciones del euskera “ol(h)a” (Roncesvalles 1284, en MICHELENA [1973]). También se relaciona con el kaiolar suletino y las brañas cantábricas.

“Ola”, Zuberoan, Baxenafarroan eta Erronkarin ez ezik, baita garai batean Euskal Herri guztian ere, batere salbuespenik gabe. Ni lo egina nago Lapurdiko “Olha” baserri zaharrean eta, Koldo Mitelenari jaramonik egingo badiogu, orain ehun urte (1924) “beiolatza” (behiak biltzeko ola) esan ohi zuten Arantzazuko baserritarrek.
 
Cayolar. Begira zer dioen Wikipediak: https://fr.wikipedia.org/wiki/Cayolar
Sosola
Sosola dio:
2020/09/01 09:58
Hainbeste (-)ola inguruan eta ze gutxi ihardun da berataz. Nik nere hipotesia: olak izan duen hedapena ikusita HE osoan esango nuke "Ustia-leku" edo antzekoa adierazteko atzizki bilakatu dela. Txabola edo etxola etxearen olak direla susmatuz,eraikina baino gehiago, paretsu: Urkiola, Loiola, Arriola,.... Behin Jakoba Errekondok ironiaz galdetu zidan "Antzuola zer ete da?"
Amatiño
Amatiño dio:
2020/09/01 12:51
“Cayolar”, berriz, nik ez diet kontrakorik egingo ez Allende Socarrosi eta ez Wikipediari, eta segurutik, beraiek esan bezala, hitz bearnesa izango da baina…

Nik begiratu dut etxean ditudan bi hiztegietan (frantsesez-bearnesez eta frantsesez-okzitanieraz) eta ez da “cayolar” hitzik biltzen, “cabana” baizik.

“Cayolar” ez da, behar bada, euskaraz izango, baina Etxalar, Aralar, Otsalar eta Xenpelar deituren senitartekoa ematen du.

Eta, hain zuzen, Arette-La Pierre-San Martin delakoaren weborrian zera esaten da:

El cayolar designa, en la lengua vasca, la cabaña del pastor situada en altitud. El de Aramits ha sido reconstruido, piedra por piedra, a partir de una cabaña situada antes a Pierre Saint Martin y es acondicionado como las de en otro tiempo, utilizadas para la fabricación del queso y el lugar de vida del pastor durante el verano en la montaña.

Nonbait, euskaldunok uste dugu hitz bearnesa dela eta biarnotarrek euskaratzat jotzen dute. Behingoz, denok apal eta eskuzabal.
Amatiño
Amatiño dio:
2020/09/02 11:56
Hartara, Kaiolar euskal bearnesa, Etxalar, Aralar, Otsalar eta Xenpelar deituren senitartekoa balitz, etxe-, ara-, otso eta senpere- zer diren dakigularik, zer arraio da kaio?

Eta aurkitu dudan erantzun bakarra zera da (Corominas): Cayo, del fr. quai, ‘muelle’, ‘dique’, procedente del galo CAIO ‘muro’; indudablemente, este vocablo pasó a las costas españolas del Cantábrico, donde hallamos el vasco kaia ‘puerto’.
 
Beraz, galoerromantzez (okzitaineraren familia) CAIO ‘muro’ baldin bada, “cayolar/kaiolar” hitza zentzuzkoa da. Eta, ondorioz, cayo bearnesa litzateke eta lar euskaraz. Eta cayolar, hibridoa.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: