Kontzesioak, nork nori?
Gainezka ez baina, berrehunen bat lagunen faltan, ia bete egin zuen atzo Paco Ibañezek Kursaaleko areto handia (1.806). Ez da gero hutsaren hurrengoa, 84 urte dituen abeslari batentzat. Publiko zalea eta aurrez atxikia bildu zitzaion eta erabat gogotsu lotu, ondoko bi ordu luzetan.
Hitako artzapeza, Quevedo, Teixeiro, Brassens, Imanol, Lete, Laboa, Cernuda, León Felipe, Storni, Neruda, Goytisolo, Yupanqui eta beste hainbat izan zituen gogotan abestiak aukeratzeko orduan, eta ez zuen erreparo handirik izan hainbat esames banatzeko Che Guevara, Rafael Albertí eta Munilla gotzainaren artean.
Pacok ez omen dio inoiz egiari zorrik izan eta bere egiten du Mahler konpositorearen esakunea: “Artistak ez du inoiz kontzesiorik egin behar”. Giza-kontzesioak, bai; arte-kontzesiorik, sekula ez. Arazoa da, ordea, taula gaineko kantariak txalo erraz bila egin ohi dituen kontzesioak gizatiarrak diren ala artistikoak. Hauteskunde-bezperan bandera errepublikanoa jarri eta A galopar kantatzea, esaterako. Baina hori beste kontu bat da.
Niri gutxien gustatzen zaidana da Paco Ibañezek euskararekin duen sasiamodioa. Haren jakineko konstantea da behin eta berriz bere euskalduntasuna aldarrikatzea eta euskarari normaltasunik ez eskaintzea, euskaraz dakienaren itxurakerietan aritzea eta sekula erabat ez frogatzea.
Badakigu kantaria Valentzian jaio zela (ama gipuzkoarra) eta 6 urtetik 14ra bitartean Adunako Apakintza baserrian bizi izan zela. Aita errepublikanoa izaki, ezaguna da Frantziara alde egin behar izan zutela eta, geroztik, beti Euskal Herritik kanpora bizi izan dela, Parisen zein Bartzelonan. Zalantzarik ez gero, Adunan mutikotan egin zituen zortzi urteetan primeran ikasiko zuela euskaraz; zalantza apurren bat, ordea, Adunatik irten osteko 70 urteetan ez ote duen nabarmen ahaztu.
Ea. Kontua ez da ahaztura horrengatik erruduntzat jotzea, edo euskaraz ganoraz hitzegiteko gauza ez izana berari leporatzea. Kontua da, Paco Ibañezek ordua duela bere buruari kontzesiorik egiteari uzteko, dakien ala ez dakien aitortzeko eta normaltasunez onartzeko, inork ez baitio horregatik konturik hartuko.
Larriena ez da Paco Ibañezek euskaraz jakitea ala ez jakitea. Larriena da behin eta berriz euskaraz dakiela aditzera ematea eta gero, jendaurrean, froga zehatzik ez agertzea. Euskararen duintasunak ez luke ezer galduko Pacok onartuko balu, tamalez dezente ahaztu duela, fosildutako geratzen zaizkion moldeez ez dela ganorazko elkarrizketa bat egiteko gauza, baina, hala ere gogotik maite duela eta umetako oroitzapenak bihotzean daramatzala.
Alderantziz, ostera, euskara gutxietsia gelditzen da, Paco Ibañez Donostiara etorri, Kursaala bete, euskaraz badakiela harro asko aditzera eman, eta aurkezpen arrunt bat egiteko gauza ez denean.