Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kontzertua eta konbenioa eztabaidagai

Kontzertua eta konbenioa eztabaidagai

Amatiño 2015/10/15 00:05
Euskal Kontzertu Ekonomikoa, Nafar Konbenioa eta kupoa eztabaidagai ditugu abenduaren 20ko hauteskunde orokorren atarian. Segurutik kezkagarria dira Euskal Herritik kanpora gure ogasun-sistemak sortarazten dituen bekaizkeriak, ulertezinak edo aiherkundeak baina, gaur gaurkoz behintzat, ni gehien arduratzen nauena da ezker abertzalearen zenbait sektoretan nabarmentzen den mespretxua edo gutxiespena.

Jakina, kontzertu zein konbenio ekonomikoak espainiar estatuarekiko atxikimenduaren adierazgarri direla; egia, indepentzia lortuz gero ez litzatekeela horrelako itun ekonomikorik behar izango; baina, egia ere bada, hirugarren alternatibarik izan zitekeela, inondik ere ahaztu ezinezkoa: espainiar estatuari atxikiak jarraitzea… baina kontzerturik edo konbeniorik gabe. Alegia, hainbati entzunez gero, badirudi hautua dela kontzertu ekonomikoa ala independentzia, baina hirugarren aukerakizunik ere bada, zenbaitek ez ikusi edo pasa-misi egiten dion arren.

Politikan, bizitzan bezalaxe, arriskuak hartu egin behar dira, baina arrisku neurtuak. Behar bada, zer galdurik ez duenak erraz samar hartu ditzake arrisku latzak, baina zer kontserbatu duenak aldez aurretik balantza egiten asmatu behar du. Nik behintzat nekez jarriko nuke eskutan dugun ogasun-sistema balizko independentziaren truke. Eta, gainera, ez dut uste bakarra izango nintzatekeenik. Nago, euskal hiritarrik gehienek beste horrenbeste egingo luketela.

Zentzu honetan, onerako baino ez da nafar gobernua abertzalea izatea eta aipagarri Uxue Barkos nafar lehendakariak eragin berri duen konbenio ekonomikoaren aldeko defentsa. Segurutik UPN-ren gobernuak sekula bere oldez egingo ez lukeena. Espainian euskal kontzertu ekonomikoa zalantzan jarri izaten zen bakoitzean, UPNek  burua makurtzen zuen, eztabaida hori Nafarroari ez zegokiolakoan. Uxue Barkosek badaki, ordea, Euskal Autonomia Elkartearen kontzertua kolokan jarriko balitz, ondotik joango litzatekeela maldan behera nafar konbenioa ere.

Esango nuke esan, gainera, nafar ezker abertzalea, Altsasutik honakoa baino “foruzaleagoa” dela. Eta, behar bada, Leitzarandik honakoa ere dezente foruzaletu dela, Gipuzkoan lau urtez bizi izandako eskarmentuaren ondotik.

Eta, ildo beretik, edo kontrakotik, ez dut uste PP alderdiak posizioak galtzeak, Euskal Herrian, foru-tradizioari darion ogasun-sistema indartzen duenik.

jaime
jaime dio:
2015/10/16 16:40
Orain dela urte batzuk, nazioarteko espioia izan zen Daniel Estulin-ek idatzitako: “Club Bilderberg” eta “Los secretos del Club Bilderberg” liburuek zapuztu zituzten betirako independentziarekiko nituen asmo eta itxaropen guztiak. Duela gutxi, Cristina Martín Jiménez-ek idatzitako: “Los planes del Club Bilderberg para España” liburuaren irakurketak errematea suposatu zuen aipatutako itxaropenentzat. Zer espero genezake balizko independentziatik, Carrero Blancoren “hegaldia” Bilderberg eta Henry Kissingerren laguntzarekin zertu zenez jabetzen garenean? Zer independentzia mota lor genezake AEBk 1.000 base militar, abantzu, dituela planetan zehar sakabanatuta jakinik, edo CIA eta FBI lurbira osoan gertatzen diren, gerrak, diktadurak edo estatu kolpeen atzetik daudela dakigunean, baita, munduan dagoen hainbat eta hainbat etxebizitzatan egiten diren tortura basatiak informazioa ateratzeko edonori ere?
Borrokatu? Jakina, borrokatu egin behar horrelakoak ekiditeko eta ezabatzeko! Baina, independentzia? Zer independentzia gero?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: