Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kontuz, ez gero egunkari bizkaitarrik irakurri!

Kontuz, ez gero egunkari bizkaitarrik irakurri!

Amatiño 2016/05/20 00:05
Ernesto Gasko eta Denis Itxaso bikoteari jaramonik egingo bagenio, balirudike Bilbon Donostian baino kongresu gehiago antolatu izanaren “kaltea” Eusko Jaurlaritzari leporatu beharko geniokeela. Hau da, Eusko Jaurlaritzan badela, antza, ezkutuan biltzen den sailen bat apropos erabakitzeko: “Kongresu hau, hau eta hau Bilbora. Eta beste hau, Donostiara… “ Eta, jakina, beti bezala, Bizkaiaren aldeko joera ezin nabarmenagoa dela.

Adineko eibartarron gipuzkoartasuna lar susmagarria den arren, zilegi bekit esatea, Gasko eta Itxaso sozialistek azken bolada honetan darabilten jokoa merke samarra iruditzen zaidala, gipuzkeria hutsa.

Kontua ez da, soilik, nahita ahaztea Bilboren zein Donostiaren dimentsioak, biztanlez, ohez eta aretoz. Kontua da, bezeroen merkatu librean ez dagoela proposatzerik sortzea organo bat, non jaurlaritza, hiru aldundiak eta hiru hiriburuak elkarrekin bilduko liratekeen, inoren kongresuak non antolatu erabakitzeko. Non arraio gelditzen da zorioneko lehiakortasuna eta kongresugileen hautua? 

Tristeena da, ordea, uste baino gehiago direla biktimismo merkexka horrekin bat egiten duten gipuzkoarrak. Atzo bertan, eztabaida hau sortu zelarik, nire iritziarekin bat ez zetorren lagunak zera esan zidan: “Baina, hori ez da horrela. Ematen du zuk ez duzula egunkaria irakurri”. Eta nik: “Barkatu baina, nik hainbat egunkari irakurtzen ditut. Arazoa da, behar bada, zuk bat besterik ez duzula irakurtzen…”. Eta berak ezarri: “Ah, oraintxe ulertzen dut, zuk Bizkaiko egunkariak irakurtzen dituzu!”. Bekatu mortala, nonbait!

Beraz, kongresu guztien azpitik eta argudio guztien gainetik, laburbilduz, muina zera da:

Erabakigarriena ez da zentzuzko iritzirik azaltzeko gauza ote zaren, zein egunkari irakurtzen duzun baino. 

Arrazoiaren jabe izateko, zuzenena da beti egunkari bakarra --eta jakinekoa-- irakurtzea.

Eta, kontuz, bigarrena irakurtzekotan, ez dadila behintzat bizkaitarra izan, ez zaitzan ustekabean kutsatu!


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: