Komunean irakurtzeko liburua
Hizkuntzalaritza modernoak (Saussure, 1916) ehun urte dituen arren, hizkuntzalaritza forensea (hizkuntza legeari atxikia) ez zen loratu, barrena, 1960ko hamarkada arte, ezta arautuko ere, disziplina berezi gisa, 1990 arte-edo.
Ildo honetatik burutu du Sheila Queralt Hizkuntza Zientzietan Doktoreak “Atrapados por la lengua” liburua, non, hain zuzen ere, laburbiltzen dituen hizkuntzalaritza forensearen bitartez argitutako berrogeita hamar kasu. Bai, 50 hamar kasu 200 orrialdetan, ezin esan, behintzat, egilea azalpen luzetan alferrik galtzen denik.
Hizkuntzalaritza forensearen bitartez argitutako denetariko laginak laburbiltzen ditu Sheila Queralt irakasleak. Bai bere inguru hurbilean gertatutakoak eta bai hainbat epaiketa ospetsutan bildutakoak ere. Hala krimen komunen alorrean gertatutakoak nola terrorismoaren (ETA) edo ustelkeriaren (PP) larrainetan izandakoak. Bai errudunak erruduntzat epaitzeko eta baita errurik gabe atxilotuak askatu ahal izateko ere.
Eufemismoak, simulazioak, lokalismoak, eskola-maila, akats ortografikoak, idazkera-azterketak, berariazko estiloak, koherentziarik eza, iruzurrak, gezurrak, ezinezkoak, errepikapenak, ezjakintasunak, azpijokoak, maltzurkeriak, ahots bereizketak eta berezitasunak, komunikabideen erabilpena, sare sozialak… Zenbaitek pentsa dezake, honezkero kaligrafiarenak egin duenez, euskarri elektronikoa “neutroa” dela. Baina, bai zera! Hain zuzen ere, horretan datza muina, hizkuntzalaritza forensearen ardatza ez da letra-moldea, edukien ikerketa baizik.
Ez da lokartzeko liburua, komunean irakurtzeko modukoa baizik.