Koldo Mitxelenarenaren lehen herena joan da
Zornotzako barnetegiaren hogeigarren urtebetetzea dela-eta, Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik laburbildu berri ditu azken bost hamarkadotan helduen euskalduntzeak jorratu dituen bost urraspide nagusiak. Alegia: aitzindarien lehen urratsa (Rikardo Arregi, 1965); adituen diagnosia (Koldo Mitxelena, 1978); Euskaltzaindiaren ekimena (Israel, 1980) Eusko Legebiltzarrak zein Eusko Jaurlaritzak erakarri zuten erakundetzea (HABE, 1982) eta ondoren Lazkaoko (Maizpide, 1985) nahiz Zornotzako (Aurten bai, 1992) barnetegiek eragin zuten jauzi kualitatiboa.
Ia berrogeita hamar urte joan dira Rikardo Arregi zenak hainbat nerabe biltzen gintuenetik, Donostian eta larunbat goizetan, euskal idazle zaharren testuen kopiak ziklostilez egiteko. Geroztik arrapaladan joan dira urteak eta urteekin batera etenbako aldaketak. Ikaragarri luzea gero bilakaera honetan parte hartu izan duten izen-abizenen zerrenda baina, bat azpimarratzekotan, Joxe Joan Txabarri bera da, segurutik, prozesu guztiaren txingeta.
Ez, ez gara orain herri-erakundeen garrantzia eta politikarien aldarria ukatzen hasiko, ezta euskal elkarteen eta irakaslegoaren trebetasuna gutxiesten ere. Baina borondatea eta jakituria ez dira beti nahiko. Horrez gainera, politikagintzan, abaguneaz jabetuko den giltzarria behar da, zubigilearenak egingo dituena eta, nago, helduen euskalduntze jardunbidearen maratila Joxe Joan Txabarri izan zela, inor izatekotan.
Joxe Joan Txabarrik, 1980an, orduan beste inork ez zituen lau baliabide bildu zituen bere baitan. Esangura dut: sektorearen barne-ezaupide zorrotza, aurrera begira erakundetze-egitasmo zehatza, irakaslerik gehienen onespena eta agintarien konfiantza. Orduan, 23 urte besterik ez zituen Joxe Joanek. Eta ez dut uste oraindik inork behar beste aitortu dionik.
Baina gatozen berriro hasierara. Koldo Mitxelenak ehun urteko epea iragarri zuen elebitasun orekatura iristeko. 1979tik honako lehen herena joan da. Hurrengo bi herenetan lehenengoan beste aurreratu ahal bageneza…
Juan San Martin, Imanol Berriatua, Arieh Shoval (Israelgo Hezkuntza Ministeritzako zuzendari nagusia), Jose M. Satrustegi eta Shulamit Katznelson (Akiva Ulpanaren zuzendaria), 1980.
Begoña Muruaga, Israelgo Hezkuntza Telebistaren zuzendaria, Jose Joan Txabarri eta Jeni Prieto
Euskaltzaindiaren ekimenez, 1980an Israela joandako irakasle-taldea. Erdian, zutik, Jose Mari Satrustegi eta Joxe Joan Txabarri. Ezkerraldean, beltzez, eserita, Imanol Berriatua.
Hain baikor eta optimistak ginen non uste izan baikenuen belaunaldi bat nahikoa izango zela Euskal Herria osoa berreuskalduntzeko. Inozoak gu! Koldo Mitxelenak, betiko lez, arrazoi hutsa zeukan: beharrezkoa izango zen 100 bat urte, gutxienez, lorpena hau borobiltzeko.
Gaur egungo panorama ikusia: krisia, inmigrazioa eta biztanleriaren zahartzea. Nago, ez ote den iragarpen hura baikorregia edota ezinezkoa.