Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Km0aren paradoxak

Km0aren paradoxak

Amatiño 2022/10/10 12:35
Jendeari galdetuz gero zergatik garestitu ote den energia azken urtean, barrena hamarretik bederatzik erantzungo luke Ukrainako gerrarengatik izan dela. Baina hori, neurriren batean egiantza izanik ere, ez da lehenengo arrazoia, hirugarrena baino.

Lehena da, Europak ez duela, bere mugen barruan, kontsumitzen duen besteko energiarik eta, mugaz kanpokoa berea balitz moduan kudeatu nahi izan duela (eurozentrismoa).

Bigarrena, behar beste energiarik ez izan arren, Europak betidanik funtzionatu izan duela zeharo sinetsia, zintzo ordainduz gero sekula ez litzaiokeela energia hornirik falta izango (aberats sindromea).

Eta, hirugarren arrazoia, Ukrainako gerrak aurreko sasi-uste biak usteltzat frogatu dituela. Seguru gero, gerrak nekez dakarrela onik, baina Europak etxeko lanak garaiz egin izan balitu, agian Ukrainako aferak ez zukeen gure energiarik eza honen gordin salatuko. 

Petrolioari dagokionez, azken bi hamarkadotan hogeitaka findegi itxi dira Europan, baina ez kontsumoa murriztu delako, findegiok ahalik eta urrutien nahi izan ditugulako baino. Europan findegiak itxi eta berriak Europatik at egiteko joeraren atzean, gogoan hartu nahi  izaten ez diren ondorioak daude: inbertsioak Europatik kanpo egiten direla eta lanpostuak, Europaz landan sortu. Areago, Europak C02 isuriak gutxitu arren, munduan, oro har, hazi egin direla, Europako baldintzak zorrotzagoak izanik, kanpoko findegiak hemengoak baino kutsakorragoak direnez gero.  Funtsean ez ditugu isuriak gutxitu, txarrera esportatu baizik. Eta hau guztia gutxi bailitzan, Europako kostuak handiagoak izateaz gainera, orain zerga handiagoak ezarri nahi zaizkie bertakoei, nazioarteko merkatuetan are “ez-lehiakorragoak” izan daitezen.

Gasak ere badu berea. Europari damutu zaio honezkero, ekialdera begira hainbat urtez eragindako gas-hodi-azpiegitura galanta egin izana, hango hornidurak inoiz hutsik egingo ez zuelakoan. Alemaniaren (europar motorraren) paradoxa sekulakoa da: ekialdeko gasaz fidatu, indar nuklearrari muzin egin eta, klima-aldaketak eskatzen duen deskarbonizazioaren abagunean, ikatzaren aldeko trantsizioari ekin behar izan.

Egokiera honetan onuragarri suertatu da orain hogei urte Zierbenan eraikitako Bizkaiko Badia Gas planta, non, Atlantikoaren beste aldetik heldutako gaslikidotua bildu eta birgastu ondoren, han-hemenka zabaltzen den hodiz eta, Euskadour sarearen bitartez, Bidasoa gurutzatzen. Gure paradoxa partikularra da, ordea, gurean Arabako bertako erreserbak ez ustiatzea erabaki dugun artean, Bilboko Portura heltzen den Ipar Ameriketako gasaren erdia fracking sistemaz lortzen dela. 

Hitzetik hortzera aldarrikatu nahi izaten dugu Km0 delako estrategia. Auskalo eguneroko erosketa txikietan erabiltzen ote dugun (nekazariei entzunez gero, ez dirudi), baina ez behintzat egitasmo handietan, inbertsio arranditsuak, industria-jarduera, lanpostu berriak eta C02 isuriak* ahalik eta urrutien nahiago ditugun artean.

Inork ez du esaten horrela izan behar ez duenik. Aukeretako bat da. Auskalo aproposena ote den, baina ez merkeena. Gero, gainkostu hori ordaindu egin behar da. Eta ordaintzeko, aberats samarra izan behar. Baina aberats izaten jarraitzeko industriari eutsi behar. Industriari eta, jakina,  industria lehiakorrari.

* Ulergarri edo litzateke, lokalak balira, baina globak dira!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: