Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Klima-aldaketa bai, baina

Klima-aldaketa bai, baina

Amatiño 2018/01/30 09:00
Espainiako eta Portugaleko hamalauren bat unibertsitatek, zientzia-erakundek eta meteorologia-zerbitzuk elkarrekin burutu dute “Izotz Aro Txikia, Iberiako mendietan”* izeneko ikerlana, non aztertzen duten azken zazpirehun urteotan iberiar mendietan izan diren klima-aldaketak.

Erdi Aroan hasi eta Ilustrazioa arte-edo, Europa osoan orain baino hotz gehiago egin zuena jakinekoa zen; baina ikerketa honek aditzera eman dizkigu zenbait datu ezezagun eta, ondorioz, hainbat hausnarketa berri.

Lehen datua: 1300 urtetik 1800 arte iraun zuen Izotz Aro Txikiak zazpi inguru klima-aldaketatxo izan zituen bostehun urtean zehar. Klima egonkorra baino, klima aldakorra, beraz.

Bigarren datua: XVII. mendetik XIX. mendean Industria garaia hasi arte, tenperatura gradu bat igo zen. Hain zuzen ere, Industria garaia hasi zenetik orain arte bezalaxe: beste gradu bat. Laburbilduz, azken laurehun urteotan bi gradu igo da tenperatura. Gradu bat Industrializazioaren aurreko bi mendeetan, eta beste bat Industrializazioaren osteko beste bi mendeetan.

Eta hirugarren datua: XIV. mendetik XIX. mende arteko bostehun urte horiek izan ziren azken 10.000 urteetan sekula izan den garairik hotzena. Beraz, orain Pirinioetan amaitzear dauden glaziarrak ez dira bizi guztian hor egon, oso gutxitan baino. Hau da, ikertzaile hauei jaramonik egingo badiegu, historian barrena normalagoak izan dira, Pirinioetan, batere glaziarrik gabeko udak, urte guztian zeharreko glaziar iraunkorrak baino.

Eta, hartara, adituen hainbat ondorio: lehen eta behingoz, klima gai dezente konplexua dela eta kontuz ibili behar dela klimaren aldagarritasuna eta erabateko klima-aldaketa zuhur antza bereizten.

Ikertzaileok ez dute  klima-aldaketarik ukatzen, ezta gizadiaren eragina ere, baina bai ordea esaten, klimaren etorkizunaz benetan jabetu eta arduratuko bagara, ezinbestekoa dela aurreko ekosistemen nondik norakoa ezagutzea, eta ez, zabarkeriaz eta arinkeriaz, edozer esan eta edozer defenditu, klima-aldaketak sortarazi dezakeen beldurraren aitzakiaz.

Zeharo onartezina da, bai, klima-aldaketaren arriskuak ukatzea eta ezkutatzea. Baina, aldi berean, ez da inondik ere zilegi, ez da gizalegezkoa, hobe beharrez edo, klima-aldaketaren izenean sasi-egiak eta erdipurdiko gezurrak esatea.

Nahiz modan egon.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

*The Little Ice Age in Iberian mountains

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: