Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kenneth Branaghen "Belfast"

Kenneth Branaghen "Belfast"

Amatiño 2022/02/22 22:00
Gogoan dut 1986an egon nintzela ni Belfasten, Euskal Herrian hilero lau lagun hiltzen ziren garaietan. Hala ere, hemengo edozein herrirekin alderatuz gero, Belfasteko alderdi zaharrak Beirut ematen zuen: baimena behar sartzeko, militarrak zelatan kalerik kale, tankeak bidegurutzetan, burdin-hesiak kantoiz kantoi, etxe suntsituak errenkadan eta hedabideak zein aldetakoa ote nintzen galdezka. “Belfast” (Kenneth Branagh, 2021) filma, ostera, 1969an hasi eta amaitzen da.
Kenneth Branaghen "Belfast"

Buddy (Jude Hill)

Joan zen mendeko azken hiru hamarkadetan Ipar Irlandan izandako gatazka politikoa 1969ko udaran hasi zen, eta lehen hilabeteetako giroaren berri baino ez du ematen “Belfast” filmak, 9-10 urteko Buddy mutikoaren ikuspegitik eman ere. Kenneth Branagh filmaren zuzendaria ere Belfasten bertan jaioa da, 1960an, eta, hartara, Buddyren adin berekoa. Orobat, Buddyk zein Kennethek guraso protestanteak izan zituzten eta familia biek alde egin zuten Ingalaterrara aukera hobe bila. Autobiografikotzat jotzeko baldintza guztiak, beraz, nahiz Kennethek zehatz adierazi: “Ez dut nire bizitzarik kontatu nahi izan. Buddy… Buddy besterik ez da”.

Hau guztia kontuan izan behar du, filma ikusteari ekin aurretik, 1969tik 1999ra iraun zuten istiluen islarik aurkitzea itxaron dezakeen ikusentzuleak, hasiera-hasierako giroa baino ez baitu sumatuko eta hamar urteko mutiko koxkorraren begietatik, gainera.

Buddyren jaiotetxearen kalean betidanik elkarrekin ondo konpondu izan diren protestanteak eta katolikoak bizi dira. Buddy erabat zoriontsua da. Lanez lar hartua, asteburutan baino etxeratzen ez den aitaren faltaz aparte, berriketa gabeko ama alai eta abegitsua du, filosofia handiko aitona-amona apartak, heroien pelikulak zaizkio gustuko eta, are gustukoago, eskolan aldamenean duen neskatila. Oreka hori hautsiko zaio 1969ko udaran, sekula gertatu gabeko jende-pilaketa ikusten duenean, lehenik; auzoko adiskideen artean sasiak sutzen ahaleginduko denik, gero; kale-bazterrak eta dendan erasotzen, ondoren; eta jende armatua, azkenik, betidanik igarobide eta solas-leku izan den kalea itxi arte.

Buddyk ez du erraz ulertzen zertan izan ote daitezkeen protestanteen eta katolikoen arteko aldeak. Badaki “Buddy” eta “Billy” izeneko mutikoak protestanteak direna, eta katolikoak, berriz, “Patrick” eta “Sean” deritzenak. Baina bada, ordea, “Thomas” izenekorik protestanteen zein katolikoen artean. Orduan… zelan demontre bereizi?

Zuri-beltz ederrez, coming-of-age gisako filma izugarri polita, atsegina, onbera, gozoegia agian… horixe delako segurutik zuzendariak berak haurtzarotik gordetzen duen gomuta. Baita, behar bada, haratago joan nahi izan ez duelako ere. Hain zuzen, film honen inguruan idatzitako iruzkinetan nekez aurkitu ahal izango du irakurleak Ipar Irlandako istilu politikoen gaineko erreferentziarik.

Ipar Irlandako gatazka

Gogoratze aldera baino ez bada ere, esango nuke Ipar Irlandako zein Euskal Herriko borrokak aldi bertsuan gertatu zirela eta hangoa, hamarkadaren bat lehenago amaitu arren, hemengoa baino latzagoa izan zela. Kontuan izan, 1.800.000 biztanleko lurraldean 3.500 hildako izan zirela Ipar Irlandan (Euskal Herrian baino lau bider gehiago). Erresuma Batuak 300.000 soldadu bertaratu zituela txandaka eta, hainbat unetan, 25.000 beste izan zirela kalez kaleko zaintzaz zein beste zenbait segurtasun-zerbitzuz arduratu zirenak.

Eta, jakina, katolikoen eta protestanteen arteko erlijio-kontuaz gainera, batez ere auzi politikoa izan zela, Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoen eta Irlandako Errepublikarekin batzearen aldekoen artean. Halaber, ezin ahaztu, liskarrek Ipar Irlandako autonomi-parlamentua eragotzi zutela 1972tik 1999ra, Euskal Autonomia Erkidegoaren legebiltzarrak, aldiz, sortze (1979) beretik etenik gabe darraien artean. 

Buddyk ez zuen horrelakorik mutikotan ezagutu eta Kennethen filmak ez du gogora ekartzeko premiarik sentitu.

Belfast
Buddy, harri eta zur, eragotzi dioten bere kalera begira.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: