Katuaren umea katakumea
Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo euskal mendizaleek amaitu berri dute mutur batetik bestera Groenlandia osoa zeharkatzeko ibilaldia: 2.200 kilometro, 32 egunetan, kometa-narraz. Lau-lau edo ibiltzeak maldan gora igotzeak baino errazago ematen duen arren, hilabete luzean, ia 70 km/eguneko abiadaz, izotzetan, ezin gero oso samurra izan.
Euskal mendizaletasunaren goi mailak ez du honezkero froga handirik behar, baina honelako egunetan 1970eko hamarkadan loratu zen belaunaldi epikoak merezi du gogoan hartzerik, Juan Vallejo gasteiztarra belaunaldi haren zuzeneko kumea dugunez gero. Ezin behintzat ahaztu Dato kaleko bileretan Juan Ignacio Lorente, Angel Vallejo Rosen (Juan Vallejoren aita), Juan Carlos Fernandez eta Luis M. Sáenz de Olazagoitia gasteiztarrek erdi afariketan hartu zuten Everestera igotzeko estreinako erabakia.
Everestera igotzea ez zen garai hartan euli-kaka. Kontu izan Lorenteren buruzagitzapeko “Tximist” taldea 1974an Himalaiara abiatu zenean, inoiz historian izandako hogeita hirugarren espedizioa zela, eta orduan gaina hartzea lortu izan balute, gailurrera iritsitako bosgarrena izango zela, alpinismo-tradizio handiko ingelesak, frantsesak, italiarrak edo austriarrak baino lehenago. Baina Felipe Uriartek eta Angel Rosenek 300 metro falta zitzaizkiela itzuli behar izan zuten, eta 8.500 metrotan ezarritako kanpamentuan amaitu ziren lehen itxaropenak.
Bi urte geroago, 1976an, Lorente eta Rosen biak izan ziren Aconcagua puntara heldu ziren lehen euskaldunak eta lau urte geroago berriz, ostera ere, elkar ikusi zuten Everesterako bigarren ekinaldian. Sekulako arrakastaz, gainera, Martin Zabaletak eta Pasang Temba sherpak gailurrean utzi zuten ikurrina lekuko.
Everesterako lehen bi euskal espedizioen inguruan hazi eta hezi zen Juan Vallejo, eta ume-umetatik bizi izan zituen garai hartan Gasteizen pil-pilean zeuden mendi-zaletasuna eta lege zaharreko mendi-epopeia. Katuaren umea katakumea esan ohi da eta, kasu honetan behintzat, aitaren ezpal berekoa. Isila, apala eta kementsua.
Goian, Angel Rosen eta Josep Prat. Behean, ezkerretik eskuinera, Oskar Askargorta (nire iloba), Juan Ignacio Lorente eta Juan Vallejo nerabea, Aspe gailurrean (2.645 m), 1991 urtean.