Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Katea, eteteko zorian

Katea, eteteko zorian

Amatiño 2022/02/07 13:20
“Musika klasikoaz ezer ez dakien publikoa erakartzen dugu, ala mundu hau hil egingo da”, adierazi berri du Patrick Alfayak, Donostiako Hamabostaldiaren zuzendariak, 83. ekitaldiaren atarian.

Segurutik arrisku hau ez da berria, pandemiak azaleratu edo nabarmenago agertarazi badu ere. Urteak dira bitarteko telematikoen ugaltzeak kontsumo presentzialak murrizten diharduela. Musika klasikoaz, klasikoa ez denaz eta musika ez denaz ere.

Pandemiak hainbat errutina hautsi dituen arren, ezin gero pentsa pandemiarik izan ez balitz, online hazia eta hezia den gizarte berriak XX. mendeko ohiturei eutsiko liekeenik. Katea etetear dago. Ikusentzule helduak txandatzeko orduan, gazteek zera diote: bai, baina ez horrela.

Izan ere, ez litzateke batere logikoa izango denetariko erosketak gero eta gehiago internetez egiten dituen belaunaldiak aretotara beti bezala joaten jarraitzea, musika entzuteko edo zinema ikusteko.

Ez da erosotasun-kontua soilik. Baita ekonomikoa ere. Kursaalean kontzertu bakarra ikusteko ordaindu behar den diruaz, pare bat hilabetez mundu guztiko musika etxean eskaintzen duten plataformak daude merkatuan. Beste horrenbeste operaz, zinemaz edo kirolaz.

Eta sarreraren prezioaz baino ez gara ari. Hiriburuetako kontzertu-kudeatzaileek euren kalkuluetan sekula gogoan ez izan arren, inork pentsatu al du, esaterako, Eibartik Bilbora, Donostiara edo Gasteiza edozein iluntzetan joan-etorria egiteko, autoz (erregaia, autopista, parkinga etab.) abiatzerik baino ez dagoela? Hau da, sarreraren kostua bikoiztu egiten dela?

Honetaz jabetu da, esaterako, Real Sociedad futbol-taldea, autobus aproposak antolatzen ditu-eta partida suertatzen den bakoitzean, Debagoiena zein Debabarrena arroetako zaleei Anoetarainoko joan-etorria errazteko. Eta, antzerako, Bilboko ABAO elkarteak, Gipuzkoako (Donostia, Zarautz, Elgoibar, Eibar…) operazaleak biltzen baititu herriz herri*. Ondo dago, eskertzekoa da. Baina, formula horrek etorkizunik izan al dezake? Modernoa al da? Oso “berdea” denik ez dirudi behintzat.

Patrick Alfaya Donostiako Hamabostaldiaren zuzendariak esana: “musika klasikoaz ezer ez dakien publikoa erakartzen dugu, ala mundu hau hil egingo da”. Bapo, baina zelan erakarri? Kontzertuen maila jasotzen ala programazioa errazten? Prezioak jaisten edo publizitatea egiten? Gazte-jendearentzat sarrera aproposak eskaintzen, autobusak jartzen edo eskola-orduetan musika irakasten?

*Autobus-zerbitzua doan da aldez aurretik sarrerarik duten guztientzat. Baita Iruñea, Gasteiz, Logroño, Burgos eta Santanderretik ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: