Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Katalanen pilota eta irlandarren literatura

Katalanen pilota eta irlandarren literatura

Amatiño 2022/10/31 09:00
Irati Jimenezen “Begiak zabalduko zaizkizue” da, azken bolada honetan gustuen irakurri dudan liburua, saiakera arloan Euskadi Literatura Saria irabazi berri duena, hain zuzen. Idazlearekin bat etor gaitezke edo ez, baina ezin muzinik egin haren idazteko makina bizkor, sutsu, lotsabako eta pasioz josiari. Hala ere…*

Saiakera irakurri ez duenak ulertzeko esan dezagun, euskal literaturaren enparaua kezkati dela sektorea jasaten ari den irakurle-galeraz, eta idazle mundakarrak zinez benetalari oratu diola diagnosia egiteari, lehenik, eta gure literaturak, aurrera egingo badu, beharko lukeen betekizun-zerrenda proposatzeari, gero.

Bitartean, munduan ba ei da kontuan hartu beharreko "esperantzazko bidaia",  eta Irati Jimenezek gogora dakarkigu “idazle irlandarren miraria”; alegia, adibide gisa,  “leku txiki bateko herri handi baten literatura erraldoia”. Horra, lekuko (eta lau Nobel tarteko), Oscar Wilde, Bernard Shaw, James Joyce, Samuel Beckett, William Butler Yeats eta Seamus Heaney idazle irlandar handiak. Aurretik, berriz, Jonathan Swiften (Gulliver) zein  Bram Stockerren (Dracula) tradizioa.  Demasa, nabarmen denez, irlandarren formularen emaitza parerik gabea. Lastima, gero, aipatu oro ingelesez izatea. 

Berrogei urteko jauzia eginez, saiakera sarituak gogorarazi dit ETBk pilota-partidak telebistaz emateari ekin zion garaian Julian Retegi txapeldunak egindako kritika. Eratsungo maisuaren ustez, euskaldunok ez omen ginen batere irudimentsuak. Esaterako,  inorekin alderatzekotan, baldin katalanek pilota-jokorik balute, pilota beste maila gorengoren batera jasotzeko gauza izango omen lirateke, euskaldunok ez bide dugun graziaz, hain zuzen ere.

Seguruenik, Julian Retegik salatu bezala, katalanak euskaldunak baino askoz ere  hobeak dira diseinu, irudi eta  marketing kontuetan. Baina gure txapeldunak ez zekien, antza,  Katalunia ez zela gauza izan bere pilota-jokoa jagoteko ere, aspalditxo galdu zuela, eta Euskal Herrian, ostera, gure huskerian eta arlotekerian, inoizko mailarik onenera altxatzea lortu dugula, nahiz katalanen besteko merkatu-dohainik ez izan. 

Ildo beretik, martxa honetan, ziur asko euskal literaturak nekez lortuko du inoiz Irlandakoaren maila altura iristerik. Baina, hala ere, eredua eredu, ez dakit ba nik hizkuntzaren abstrakzioa egiterik ba ote dagoen euskal literaturari legokiokeena  proposatzeko orduan; ala  mereziko ote lukeen norberaren hizkuntzan ez idazteari amore ematea,  inorenean lantzean behin Nobelen bat edo beste irabazi ahal izateko.

Zer nahi delarik, egia da Irlandarekikoak orrialde 2 baino ez dituela biltzen 270eko saiakeran, baina nago, haatik,  anekdota hutsa baino zertxobait gehiago dela. Ezin kasualitatetzat hartu, gainera, gure literaturak behar izango lukeen sistema proposatzeko atalaren hasieran aipatu izana.

Auskalo, hizkuntzaren kontua hondarrik gabeko itsasoa den ala Pandoraren kaxa, baina, irlandarren esperantza, miraria, eredua eta  betidaniko literatura erraldoia goraipatzeaz gainera, ez litzateke hutsaren hurrengo izango aztertzea, zertan datzan euren sistema eta zelan mamitzen den, praktikan, zorioneko zaletasun hori. Hau da, zer irakurtzen dute Irlandako azken bi belaunaldiek?

Datu aproposak, zalantzarik gabe, begiak zabaltzen laguntzeko. Datu-bilketa soila baino ez, baina ez dago beti asmatzen jardun beharrik. 

*Irati Jimenezek gorroto dituen eten-puntu eta guzti.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: