Kartzela-zigorraz amaitu dutenen argimutilak
Abiada Handiko Trena esparru bitan izan da gaur albiste, euskal komunikabide guztietan. Batetik, EAJ eta PP alderdiek elkarrekin adostu dituzten hitzarmen mordoen artean. Bestetik, 2008an Iñaxio Uria enpresaburua erail zutenen auziaren epaiaren inguruan.
Hitzarmenen arabera, AHT egitasmoak 3.380 milioi euro besteko inbertsioak izango ditu, euskal Y delakoa hurrengo sei urteetan amaitu dadin. Epaiketari bagagozkio, berriz, Auzitegi Nazionalak 44na urteko kartzela-zigorra ezarri die Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea ETAkideei, Iñaxio Uria hiltzeagatik, AHTeko lanen erantzukizuna zuelakoan.
Auskalo, AHTaren sarea 2023 urtean amaituko ote den edo ez; baina sekulalo ikara ematen du gogoratzeak, orain 9 urte eskas ETAk jendea tiroz hiltzen jarraitzen zuela, trenbide baten aitzakiaz eta euskal gizartearen izenean.
Segurutik, EAJren eta PPren arteko hitzarmenek ez dute zenbaitek nahi lukeen besteko dirdirarik… Baina zein beltza eta hitsa, gero, inor tiroz hiltzea, sasi talde politiko batek horrela erabaki duelako bere kasa. Zelan izan leike PPren ustelkeria azpimarratzeko duin asko azaltzen direnak horren koldar agertzea ETAren hilketak salatzeko orduan? Batek daki nora eramango ote gaituen AHTak bost urte barru... baina nora ginderamatzan ETAren inorako bideak?
Nekez egongo da Euskal Herrian bere burua informatutzat duen inor, atzoko akordioen berri izan ez duenik. Baina Aginagalderen eta Larretxearen ia bizitza guztirako espetxe-zigorra, ordea, erdi ezkutuan pasatu da, teoriaz hurkoen diren komunikabideetan, batez ere. Zer ospatu eta zertaz harrotu gutxi geratzen zaie, nonbait.
Zenbaitek gogoratu ez arren, AHTaren egitasmoak berrogei urte inguru ditu. Eta, hain zuzen ere, orain berrogei urte, euskal abertzaletasunaren bi trenek norabide kontrajarriak hartu zituzten. Tren batekoek, eragozpen, zailtasun eta muga guztiekin, atzoko hitzarmenen ahalak ordezkatzen dituzte. Besteak, 44 urteko kartzela-zigorraz amaitu dutenen argimutilak izan dira.