Kapitalismoaren protagonista berriak
Orain hurrengo, ate joka dagoen ziklo ekonomiko berriaz idatzi nuen: Europa aberatsarenak egin du. Gaurko honetan, berriz, aukera-aukeran datorkigu Guillermo de la Dehesak "El capitalismo que viene" delako saiakeraren hitzostean dakarrena. Centre for Economic Policy Research erakundearen lehendakariaren ustez, kapitalismoa bakarrik geratu da; ekonomilariek printzipioz sistema ezberdinen arteko lehia nahiago izan arren –zer gerta ere lehia onuragarri delakoan--, ez omen dago begi bistan kapitalismoari aurre egin diezaiokeen beste sistemarik. Horretara, zalantzan dagoena ez omen da kapitalismoa, zein eratako kapitalismo-mota baizik. Eta, zentzu beronetan, hainbat datu adierazgarri laburbiltzen ditu.
Antza denez, estatistika-proiekziorik onenek aditzera ematen dutenez, hogei urte barru Txinak Estatu Batuen BPGa gaindituko du eta munduko lehen indarra izango. Era berean, 2031an, Indiaren BPGa Japoniarena baino handiagoa izango da, Brasilek Japonia gandituko du 2038an eta Errusiak, berriz, 2039an.
Hamarkada berean, 2033an, Txinak, Indiak, Errusiak eta Brasilek G7a osatzen duten estatuen (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Italia, Japonia eta Kanada) gaur egungo BPGa baino handiagoa izango dute eta, 2050rako, G7ren gaur egungo BPGa bikoiztuko.
Aldi berean BRIC direlakoen (Brasil, Errusia, India eta Txina) ondotik azaleratzen ari diren gainerako hamaika estatuek –Mexiko, Korea, Turkia, Indonesia, Pakistan, Nigeria, Filipinak, Egipto, Blangadesh eta Vietnam— ere G7 zazpi estatuen BPGa gaindituko dute 2060an. Are gehiago, Mexikoren BPGa Japoniarena baino handiagoa izango da 2043n, eta Indonesiarena baino gehiago, berriz, 2049an.
Hogeita hamar urteren bueltan, orain suspertzen diharduten estatuek, asiarrek gehienbat, etorkizuneko kapitalismoa ordezkatuko dute eta, segurutik, azken berrehun urteotan ezinbestekotzat jo izan den formula –demokrazia+kapitalismoa+liberalismoa— dezente aldatuko da.