Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kanadan joko dut eta...

Kanadan joko dut eta...

Amatiño 2012/11/05 14:45
Laurogei urteko “agure” gutxi dago pianoa jotzeko gauza dena. Are gutxiago maisu-kontzertuak ematen jarraitzen duenik. Eta, Joaquin Achúcarro edo izan ezik, behar bada inor ez, mundu osoan, Royal Liverpool Philharmonic-arekin batera Brahmsen piano eta orkestrarako bigarren kontzertua buruz –batere partiturarik gabe— eskaintzeko gai denik.
Kanadan joko dut eta...

Joaquín Achúcarro, Arriagan

Azken bi astebeteotan Donostian, Iruñean zein Bilbon, Joaquín Achúcarrok ondotxo asko erakutsi du oraindik ere indarrean dirauela, nahiz Domu Santu egunean laurogei urte bete zituen.  Argi behar da burua, eta bizkorrak gero atzamarrak, munduko orkestrarik ontxoenetakoaren mailari eutsi ahal izateko; eraz eta moldez, abiaz eta erritmoz, airoski jarraitu ez ezik, maisu gidatzeko.

Gutxi gora behera, 1965 urte inguruan edo “ekarri” genuen Joaquín Achúcarro Eibarrera, Arrate Kultura Elkarteko areto ireki berrian jo zezan. Hainbat urte lehenago (1959) irabaziak zituen lehen nazioarteko sariak eta etorkizun handiko piano-jotzailea zelakoan hartu genuen, txaloka, bilbotar gazte dotore hura.

Baita asmatu ere, ondoko mende erdian onera baino ez baitu egin eta, munduan barrena, nabarmen merezitako ospeaz eta arrakastaz jabetu. Segurutik, nazioartean euskal artistarik ezagunenetakoa, bizirik daudenen artean bai behintzat: 2005 urteko “Euskal Hiritar Unibertsala”, hain zuzen ere.

Honezkero memoriak idazteari ekiteko adinik falta ez zaion arren, Achucarro jaunak lan-proposamenak jasotzen darrai oraino. Horra hor, esaterako, datorren urtean Kanadan kontzertua eskaintzeko itxi berri duen hitzarmena. Sasoia behar da gero, pianoa jotze aldera Kanadaraino joateko!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: