Kamera ezkutuak ez du narraziorik behar
Günter Wallraff kazetariak ospe handia hartu zuen 1960 eta 1970eko hamarkadetan, Alemanian izandako hainbat iruzur ikertu eta salatzeagatik ezezik, baita erabili izan zituen metodoengatik ere: mozorrotu, bere burua beste inortzat aurkeztu eta, inozo-inozo, unean uneko galderarik aproposenak egin. Bereak dira, besteak beste, garai hartako El periodista indeseable eta Cabeza de turco bestsellerrak. Lehenengoan, Bild-Zeitung egunkari ezagunaren joko “horizta”, zikin eta balorerik eza salatu zituen eta bigarrenean, berriz, Alemaniako gizarte aberats eta ustez aurrerakoian etorkinek jasandako egoera latza.
Berrogei urteren bueltan, Günter Wallraff liburu-merkatura itzuli zaigu Con los perdedores del mejor de los mundos deritzan izenburupean biltzen dituen zortzi erreportajerekin. Izenburuak berak aditzera ematen duenez, lehengo lepotik datorkigu kazetari alemaniarra. Alegia, etorkin beltza bailitzan mozorrotu eta bere burua arrazistatzat ez duen Alemania zurian ahalik eta normalen bizi izaten ahalegindu; eskalearenak egin eta aterpetxez aterpetxe ibili; call-zenterrean lan egin eta bezeroak nola engainatu ikasi; nazioarteko enpresa handiei zerbitzatzeko batere lege-eskakizunik betetzen ez duten enpresa txikietan aritu; edota guztiok ezagutzen ditugun marka handiko kate komertzialen barne-miseriak bertatik bertara ezagutu.
Ezin zaio Wallraff kazetariari ofiziorik ezetsi, ez ardurarik errefusatu, ezta jakinminik eztabaidatu ere. Are gutxiago ausardiarik ukatu, Lindl eta Starbucks bezalako nazioarteko enpresa ezagunak artez arte salatzen bai baititu. Baina…
Baina, esango nuke esan, Günter Wallraffek ez duela honako honetan orain 40 urte lortutako arrakastarik erdietsiko. Eta ez, segurutik, oraingo gaiek ordukoak baino leunagoak direlako edota, adinaren adinez, gaztaroko oldarkortasuna baretu zaiolako, berrogei urte ez direlako alferrik pasatu baino eta, behar bada, ordutik hona liburuari sekulako lehiakidea sortu zaiolako: telebista.
Mozorrotzea, inorenak egitea edo kamera ezkutuaz baliatzea erabat arrunta da gaur egungo telebistan. Ziurrenik erreportaje idatziak telebistak ematerik ez duen informazio-piloa azaldu dezake, baina liburuak ez du sekula telebistaren irudirik agertuko, ez mozorrotuaren lekukotasunik adieraziko, ez ezkutuko kamerak eta mikrofonoak ezustean grabatutako bat-batekotasunik eskainiko.