Kamera berria, irudi zaharrak
Jakina denez, dronea da gidaririk gabeko hegazkina, non telebista-kamera kokatzen den urrutiko kontrolez. Kasu honetan, aldiz, kamera jartzen da lau kabletan zehar irrist egiten duen robotean (ikus argazkietan).
Dronea gune edo espazio irekietarako da aproposa, ia-ia ezelango mugarik gabe. Robota, aldiz, eremu itxi eta balizatutan baino ez dabil. Autonomia urriagoz, baina segurtasun nabarmenagoz.
Nago, ordea, historian zehar beti gertatu izan den bezala, oraingoan ere teknologia edukien aurretik doala. Hau da, berrikuntza teknologikoak eskaini ahal dituela, gero sorkuntza artistikoak erabiltzen ikasi behar izango dituen ahalbide berriak.
Alegia, praktikan, lehen mailako tenis-partidetan, telebistak 12 kamera erabili ohi ditu, batez beste. Robot honek hamahirugarrena eskaintzen du, aurreko beste ezein kamerak inondik ere opa ezin dituen ikuspegietatik.
Hala ere, oraindik behintzat, robotak geldi egon behar izaten du jokoak abian dirauen artean. Horretara, jokalariak geratu ahala sekulako irudiak eskaini ditzakeen arren, ez ditu joko-irudiak hartzen, jokorik ezarenak baino. Eta, nahiz ezohikoak izan, ez dute, oraindik, oinarrizkorik ezer eskaintzen. Kamera berria, berriegia, irudi zaharrak.
Geroak esan beza.
Kamera, argazki-erdian, goitik behera datorrela, jokoa hasi aurretik, Madrilgo "Caja Mágica" delakoaren kantxan.
Djokovic open-irabazlea, pilota eske, robota lekuko
Kamera, lau kable irristagarri ardatz gisa dituen robotaren azpikaldean