Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kamarero faltan

Kamarero faltan

Amatiño 2015/08/06 00:10
Gipuzkoan, ekainaren 30eko azken datuen arabera, %26,1 adina da lanik eza 16 urtetik 29ra bitarteko gazteen artean. Aldi berean, abuztuaren lehen astean, Debako plaza erdi-erdian, honako txartel honek dirau, egunak joan eta egunak etorri: “Hace falta camarero (a)”.

Opor-girotan kamareroarenak egitea ez da, agian, egungo gazteriak gusturen amestu dezakeen egitasmoa, baina, zer gerta ere, onartu beharko gurasoek lar babestu duten belaunaldia dela behetik gora etorri datorkiguna.

Segurutik kamareroarenak egitea herriko lagunen artean lotsagarri samar suertatu daiteke (are gehiago unibertsitatetik pasatu ostean); behar bada, taberna bereko lankideak hegoamerikarrak izateak ez du askorik errazten eta, gainera, pare bat hilabeteko kamarero-soldatak ez du inoren etorkizunik bermatuko.

Baina… etxean dirua eskatzea duinagoa al da? Ezer ez egiteak ezelango curriculumik sendotzen al du? Alferkeriak jota noraezean gelditzeak etorkizunik erraztuko ote? Bostehun euro gutxiesteko besteko aberatsa al da euskal gazteria?

Ezin ere esan gazteen ekimenik eza denik errudun bakarra. Esaterako, Austrian, non langabezia %5-6 baino ez den, egia da kamarerorik gehienak austriarrak direla, baina egia ere bada ikasle-jendea gazterik asko lanean jartzeko  edozenbat formula landu dituztela. Gurean nekez onartuko liratekeen formulak, besteak beste. 

Aste honetan ezagutu dut donostiar gazte bat, Arrasaten lanean jardun ostean, Düsseldorfen eta Londresen aritu behar izan duena eta, datorren hilean, Australiara joatekotan dena. Berak esana: "Lanik aurkitzen ez duena, nahi ez duelako da".

Segurutik lartxo adieraztea da, baina adierazpen horri uka ezinezko jarrera eraginkorra dario. Ez dugu gero uste izango Boisera edo Argentinara joan zirenak turismoa egite aldera joan zirenik, ezta?

Camarero

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: