Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kalamuako malkarretik behera… ausartu ez.

Kalamuako malkarretik behera… ausartu ez.

Amatiño 2020/08/10 09:45
Orain 35 urte-edo, larunbat goizeko hamarrak aldera, emaztea zenak Usartzara eraman gintuen nire Peugeota eta biok, eta elkarrekin abiatu ginen, mendiz mendi, Ondarroaraino, errepidez Eibarrera itzultzeko asmotan. Zazpi ordu inguru behar izan nituen. Gaur ez nuke egingo, ezta bizikleta elektrikoaz ere.

Usartzatik Kalamuako “parlamentura” igo; Kalamua osteko malkarretik maldan behera Urkaregira jaitsi: Elgoibarko Arnoateko pistaz, Jaungoikomendi azpitik eta Amalloa gainetik, Markinako Damukorta, Mañukorta eta Imintxola baserrietan zehar, Kostolamendi eta Tontorramendi zeharkatu ostean, Ondarroaraino heldu. Gogoan dut, ekialderegi nindoalakoan, Mutrikun agertuko ote nintzen beldur, bidegurutze bakoitzean mendebalderuntzako joera hartu nuela eta, ezustean, Berriatuko industrialdean agertu. Orduan ez zegoen GPSik eta, asko jota, Donostiako Graphos liburudendan (Luis Pedro Peña Santiago) erositako kartografia militarrak erabili ohi genituen.

Berriatutik, errepidez, Ondarroan eta Mutrikun barrena, Debaraino, erabat jota, ipurdiko minez, trena hartzeko asmotan. Debako trenbide-pasagunera iritsi nintzen, trena aurrez aurre pasatzen ari zen aldi berean. Zer egingo eta, hurrengoaren zain egon beharrean, Eibarreruntz abiatu nintzen astiro-astiro. Ezin izan nuen, ordea, Elgoibarren, Sigmako aldapa “koxkorra” bizikleta-gainean igo. Nahi eta ezin. Halakoren batean etxera heldu, dutxatu, afaldu, Alka-Seltzer bat hartu eta ohera. Baita, hurrengo astean, DEIA egunkariaren erdiko bi orrialdeetan, argazki eta guzti, bidearen berri, harro asko, estreinako eman ere.

Hogeita hamabost urte geroago bizikleta elektrikoaz beste horrenbeste egin nahi izan nuen orain hilabete inguru. Kalamuako parlamenturaino heldu eta pasa, bai, baina ez nuen Kalamuatik Urkaregira bitarteko malkarra jaisteko adorerik izan. Ez dakit adinari dagokiokeen zuhurtasuna (ala beldurra?) izan ote zen, baina ez dut uste nire burua askorik engainatzen dudanik badiot, maldan beherako garo-sailek orain 35 urteko bidezidor estu-mestua --baina garbia-- nabarmen ezkutarazten dutela.

Ez dakit gaur egun ba ote den mendi-bizikletazale gazterik froga egiteko gertu legokeenik. Ausartzekotan, gomendarri litzateke –behar bada neguan errazago— aldez aurretik bidea oinez aztertzea, garai batean bezala, nork bere burua bizikleta eta guzti amildegitik bota aurretik. Wikiloc-ek eskaintzen du Eibartik Ondarroara arteko mendi-bidea, baina ez  Kalamuatik.

Nik esperientziaz esan dezaket biderik izan badela eta, begi-bistan ikusi ez arren, barrenean bertan jarraitzen duela Urkaregi baserriak, nondik, Arnoaten zehar, itsasaldera heltzea ez den inondik ere zaila, zer esanik ez egungo gazte lerdenak eta daramatzaten bizikleta iaioak kontuan izanda.

Baina hori, Urkaregitik itsasbazterreraino alegia, hurrengoan. 

Pinaria
Usartzatik Kalamuaruntzako bidezidor patxadatsua

Akondiatik Urkaregiruntz
Akondia barreneko bidegurutzea. Eskuinaldera, Arrate. Ezkerretara, maldan gora, parlamentua eta Kalamua gaina. Eta, maldan behera, Urkaregi.

Parlamentua
Kalamuapeko parlamentua. Honaino batere arazorik ez.

Kalamuatik maldan behera
Kalamuatik itsasoraldeko ikuspegia. Barrenetik honuntza, Kostolamendi ingurua, Arnoateko pistak, Urkaregiko bide-sarea eta, aurrez aurre, Kalamuatik maldan beherako garo-sail handiak. Sasoi batean bizikletaz jaisteko besteko zidor estu-mestua zegoen. Orain...
Amatiño
Amatiño dio:
2020/08/18 10:55
Kostolamendin tope egin dut Jose Ramon mendarotarrarekin, ia hirurogei urte baina oraindik gihartsu bezain indartsu, betiko bizikletaz. Mendarotik igo da (aldapa ederra), Arnoaten zehar, Olatz gaineraino. Esan didanez, Kalamuatik Urkaregira jaisteko, Hiruiturriko bidezidorra da aproposena, Kalamuaosteko malkarretik maldan behera ibili beharrean.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: