Jzioqui dugu. Guec ajutu ez dugu
Osoko euskaltzain berriak X. zein XI. mendeetan Nafarroako erresuma zertan zen azaldu zuen aurretik, eta Aymeric Picaud erromesak Santiagora bidean ezagutu zuen giroa, gero. Ondotik, testuinguru hartan Emilianotar Glosen kodexean estreinako euskaraz agertzen diren lehen esaldi biak aztertu zituen, Karmelo Etxegaraik Bernat Etxeparez egindako aztarrenak oinarritzat hartuz.
Hitzaldian zehar Alfontso Irigoien euskaltzainak artean ezezagunak ziren beste pare bat datu ere eskaini zituen. Batetik, 929ko agiri bat, non hainbat zertzeladaren esangura adierazteko egileak ezarri zuen: “quod vulgo dicitur Cella Alboheta” (inguruetako gela edo); alegia, herri xeheak euskaraz esan ohi zuela elkar ulertzeko. Eta, bestetik, San Migel Pedroso komentuko lekaimerik gehienen izenak euskaldunak zirela 759 urtean. Irigoienen iritziz, Errioxa euskalduna omen zen Errekonkistarekin batera iparraldetik hegoalderantza jende-mugimendua hasi aurretik.
Akademiaren protokoloari jarraituz, Alfontso Irigoienek Antonio Arrue eta Jose Mari Satrustegi euskaltzainak izan zituen sarrera-laguntzaile. Erantzun-hitzaldia, berriz, Luis Villasante euskaltzainburuak eman zion. Horrez gainera bertan izan ziren beste hamaika euskaltzain osoko --Jean Haritschelhar euskaltzainburuordea eta Juan San Martin idazkaria tarteko-- zein urgazle, eta baita edozenbat idazle, kultura-eragile eta kazetari ere.
Ekitaldi berean, Juan Bautista Merino Urrutia euskaltzain urgazlea Vascuence en la Rioja y Burgos gaiaz mintzatu zen eta, ondotik, Aita Villasantek ordutik aurrerako ohorezko euskaltzain agiria eman zion.
Ekitaldia amaitu ostean, Villasante euskaltzainburuak --Logroñoko Diputazioaren, Errioxar Ikasketa Institutuaren eta bertako Agustindar Errekoletoen ordezkariekin batera— orduandik Donemiliaga Kukulako Yuso monasterioaren sarrera-aretoan bertan esekia jarraitzen duen marmol zuriko oroitarria agertarazi zuen:
Marmol zuritan egindako oroitarria
Alfontso Irigoien, euskaltzain sarrera-hitzaldian
Alfontso Irigoien agiria jasotzen, Luis Villasante euskaltzainburuaren eskutik
ETBren sorreran, 1983an, Teknika Zuzendaria ondarrutarra zen. Tipo jatorra, zuzena, behargina, berriketabako teknikaria, eta teknikaririk gehienak bezala "farandulatik" urruti ibiltzen ahalegintzen zena. Euskaldun peto-petoa, baina batere alfabetatua ez.
Gure Teknika Zuzendariak "guek" erabiltzen zuen beti, "guk" erabili beharrean, eta geure burua jakintsutzat jotzen genuen sasi-letratuok adarra jotzen genion, batere errukirik gabe.
Bihoa aipamentxo hau haren omenetan eta barkamen eskaketan, are gehiago kontuan izanik 1974an Yuso monastegian egona zen kazetari petral honek 1983an, Iurretan, horrenbeste jakin beharko lukeela.