Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Juslibolgo galatxoa

Juslibolgo galatxoa

Amatiño 2024/07/13 22:45
Euri-jasa handien eraginez, ur-emaria puztu eta neurriz kanpo hazitako ibaia meandroren batera heldu ahala, betiko bihurgunea hartu beharrean, artez arte jo eta pasa egiten duenean sortzen da “galachoa” (1).

Are zehatzago. Urak mantsotu eta ibaiak, lehengo meandroan (2) barrena berriro abiatu beharrean, gertarazi duen pasabide berritik jarraitzen duenean zertzen da “galachoa”. Alegia, meandro zaharreko adar hilari, noraezeko ur-jario geldoari, han-hemenka sakabanatzen diren urmaelei eta inguruko lur eremu hezei deritze, Aragoin, “galacho”.

Fenomeno natural hau 1961eko urtarrilaren 2an gertatu zen Zaragozako Juslibol nekazari-auzoan. XX. mendeko euriterik handiena gertatu zen aurreko orduetan. Batez bestekoa baino hamasei bider gehiago hazi zen Ebro ibaia eta, uholdea Juslibolgo meandrora heldu zenean, ezkerralderako (iparralderako) bihurgunea hartu beharrean, aurreko Ibarra  gainditu zuen eta zuzen-zuzen jarraitu, meandroaren bueltan zetorren ur-adarrarekin topo egin eta berriro bat egin arte. Urak jaitsi zirenean, ordea, Ebro zaharrak “betidaniko” meandroaren itzulbira ahaztu eta pasabide ireki berria lehenetsi zuen.

Hirurogei urte geroago, ibaiak bere kasa utzitako adar hila eta inguruko meandro osoa ez ustezko parke naturala da, “Aragoiko Interes Geologikoko Lekua eta Hezegune Berezia”. Ez da bertaraino autoz joaterik, Bisitari Aterpea dago, Ingurumen Zentrua, neska-mutikoentzako eskola-gelak eta jolas-lekuak. Galatxoa dena adierazteko hainbat horma-irudi eta inguruko flora eta faunaren zenbait lagin.

Izatez, Zaragozatik Julisbol auzuneraino autoz edo busez joaterik bada. Hain zuzen, Jusliboldik Bisitari Aterpetxeraino baserri-bidez doan tren txu-txu turistikorik ere bada, azken berrehun metroak oinez egin behar diren arren.

Gu mendi-bizikletaz joan ginen Zaragoza hiriburutik, Ebroren ibarretan zehar, ia sekula ibaia bistaz galtzeke. Pista arrunt erraza da, baina azken bost minutu inguruan, inorekin aldi berean gurutzatu ezineko basabide ainube, mehar eta gorabeheratsua gainditu behar da (kontuz buruaz), noiz amaituko desiatzen, baina batere arriskurik gabe.

Galacho wikiloc
Zaragozatik Jusliboleko galatxorainoko joan-etorria, Ebroren ibarretan zehar.

1) Galacho. Hiztegi guztiek diotenez Aragoiko bertako berariazko terminoa da. Echo eta Ansó haranetatik hasi eta Tarragonaraino. Katalanez eta okzitanieraz  “galatxo” idazten dute Zenbaiten ustez okzitanieraz du jatorria eta, aurretik, arabiera-edo, antza.

2) Meandro. Gure inguruko europar hizkuntza guztietan erabiltzen den hitza da, jatorriz grezieraz-edo delako. Baina ez ibaien bihurgune handiei “meandro” esaten zaielako, baizik eta Meandro ibaia, etengabeko bihurgunerik handienak zituena.

 

Jusliboleko galatxoa
Eskuinean, Jusliboleko galatxoa, 1961ko euriteak arte meandro arrunta zena, orain adar hilaren urmael eta lur eremu hezetan. Ezkerrean, ostera, egungo besoa, uholdeak ireki zuen bide lasterretik .
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2024/07/17 23:18
Leku ederra txorittarako! Urretxindorrak eta urretxorixak barra-barra, sinfonixa ederrian!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: