Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Julio Sarasuari, esker onez

Julio Sarasuari, esker onez

Amatiño 2007/12/31 17:53
Zortzi hilabeteko gaisoaldiaren ondoren, aurreko asteburuan (1987.O5.16) minbiziak eraman zuen Julio Sarasua, EGUNAren harpidedun eta irakurle kritikoa.

Aitona Zarauzko guarnizioneroa izan zuen eta aitxitxa* Eibarko damaskiñaugilea. Amama, berriz, “Organistanekua” Atxia-motxiari musika jarri zion Juan Bautista Gisasola konpositorearen arreba. Julio 1940ko gose-urtean jaio zen. Julio izena, garai hartan erbestean ihesik zuen osabaren –ELAko “Jul-Sar” idazlearen— oroitzapenetan jarri zioten. Arbasoengandik zetorkion, beraz, bizkaieraz bezain giputzez erraztasun haundiz hitzegitea, musika-zaletasuna eta aberri-zentzua.

Juliok gerraosteko Eibar apurtuan bota zuen haurtzaroa, berrogeitamarreko hamarkadako erlijio-giroa bizi izan zuen Tudelako jesuitetan, hirurogeiko euskal berpizkundearen eragile izan zen, hirurogeitamarreko ikastolagintzan parte hartu zuen eta laurogeiko ilusioak, lehenik, eta konponezinak, gero, bere baitan sentitu zituen. Heriotzako orduan Eibarko Institutuko Guraso Elkarteko Lehendakaria zen.       

Kimikoa ikasketaz, Julio zientzietakoa zen eta ez letretakoa. Balentziak eta gainerako nomenklaturak aditz-paradigmak baino askoz ere errazagoak, logikoagoak eta praktikoagoak iruditzen zitzaizkion. Ez zen hitzetan gelditzen zen gizona. Erabat praktikoa, zeharo koherentea, zirt-edo-zart erabaki eta erdipurdika geratzen ez direnetakoa. 

Ezinak egia bihurtzen artista iaioa zen Julio. Igandero mezatara joateko premia sentitu ez zuen kristauak hamalau apaiz bildu zituen bere hiletetako aldarean; kirol-arloan zaletu hutsa zenak Pedro Aurtenetxe eta Clemente biltzea lortu zuen, eta politika-arloan sekula kargurik izan ez zuen arren, bere inguruan sigla guztiak batu. 

Sokarik gabeko gitarraz amaierarik gabeko afalosteak alaitzeko gauza zen Julio gogotan izango dugu beti, eta “Rigoletto”, “Marusela”, “Ume eder bat” edota Madinaren “Aita Gurea” kantatzerakoan, lekutxo bat egingo diogu geure bihotzetan. 

Juliok ez zuen bere bizitza osoan bi karta idatzi, ez irratian hitzegin, ez telebistan agertu eta ez jendaurreko agerpenetan azaldu. Intendentzia-lana zen berea, ezkutukoa, isila, ageriko ohartzunik gabekoa. General asko eta soldadu gutxi, teoriko ugari eta praktiko urri, politiko gehiegi eta militante gutxiegi dagoen Herri honetan, lanaren langile eta eginbeharraren behargin izan zen Julio. 

Izan ere, maiorazgoaren bide isila aukeratu zuen berak, beste zenbaitzuk ageriko lana egin genezan. Julio izan ez balitz, Joxe Aranberrik ETAn barrena egindako hamar urtetako sartu-irtena ez zen izan zen bezala izango, eta Julio izan ez balitz, Iñaki Aranberrik ez zukeen sekula Bai horixe! egingo. Era berean, Julio izan ez balitz, Luis Alberto Aranberri ez zen inoiz “Amatiño“ bilakatuko, ez eta Euskal Administraziora, Euskal Telebistara edota EGUNAra helduko. Gauzak gertatu egiten dira gertatu behar dutelako, bai, baina ezer ez zen gertatu bezala gertatuko, Julio trastiendan, erretagoardian, “aitaren etxea defenditzen” geratu izan ez balitz. 

Julio joan da, baina ez da hil. Juliok bizirik iraungo du, beti, guk Julio zena gogotan dugun bitartean. Julio gugan eta gure eguneroko lanean gorpuztuko da, behin  eta berriz. Julio, bere emazte Maite Aranberri, lau seme-alaba eta Dinamarkatik bere etxera euskara ikastera etorria den Mette begiurdinarengan berraragituko da. 

Jose Ignacio Aranberri eta Luis Alberto Aranberri.

EGUNA, 1987ko maiatzaren 21an.

* "... el artista eibarrés Pablo Sarasua quien, pese a estar retirado de su oficio, volvió a tomar el punzón para grabar con primor una pitillera, cuya dedicatoria rezaba: "Al genial jugador Panizo, modelo de deportistas. La afición eibarresa".

 

 

 

etiketak: Sarasua
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: