Jubilatu arte ez zazpi milatik jaitsi
Felipe Uriarte tipo jatorra, atsegina, zintzoa, irripartsua eta maitakorra da. Erdi benetan erdi txantxetan, aspaldian esan zidan berak baduela sekula inork hautsiko ez duen marka: Himalaiara lentilla eta guzti aurrenengo igo zen mendigoizalea izana. Jakinekoa da “Tximist” euskal lehen espedizioa ez zela Everest gailurreraino iritsi, nahiz Felipe Uriarte bera eta Angel Rosen 8.550 metroraino heldu. Horretara, bai, lentilladun euskal begiak haraino igo ziren 1974an, baina, horratik, ezin gero jakin ondotik beste inork ondu ote duen marka. Segurutik bai… edo ez... nork jakin... baina gu behintzat ez gara pasaitarraren epikari galgarik jartzen hasiko. Lagunak lagunak dira, ze demontre!
Felipe 1980an itzuli zen, ostera ere, Everesta eta, geroztik, ez dio sekula mendira joateari utzi. Hiruzpalau hamarkada geroago gailurrez gailur jarraitzen du, mendi-gidari eta trekking-buru gisa. Curriculum ikaragarria gero: 19 Aconcagua, beste 19 Mont Blanc, 3 Kilimanjaro eta etenik gabeko tontor-zerrenda amaiezina. Pirinioetatik jaisteke ere, bostehun txango inguru.
Ez omen du jubilatzeko asmorik hurrengo hamar urtean. Jubilatzen diren guztiei “zerbait” gertatzen omen zaie. Tira, jaramon egin beharko diot. Urtebetez aurretik doakit eta zelatan egokituko natzaio, ezustean ataka gaiztorik ezagutu ahal baleza-edo, garaiz jakinean egon nadin.
1980an Everesta heldu zen euskal espedizioaren hainbat taldekide. Ezkerretik hasita, zutunik, Felipe Uriarte, Juan Ignacio Lorente, Joxe Urbieta "Takolo" (G.B), Emilio Hernando eta Luis M. Sáez de Olazagoitia "Pechu". Eserita, Martin Zabaleta, Xabier Erro eta Kike de Pablos. Aurrez aurre, argazkiko bizarduna, Ricardo Gallardo (G.B.). ETB, 1990
1974ko "Tximist" espedizioa. Felipe Uriarte nor den asmatzen duenari, Athletic-en esku-egutegia
Barka nazazu Luis Alberto, baina Saez de OLAZAGOITIA da abizena ez Saez de OLAZAGUTÍA. Izan untsa.