Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Juanjo Pujana, helenista porrokatua

Juanjo Pujana, helenista porrokatua

Amatiño 2022/02/04 23:55
Herrialde normalduan edo gizarte egonkortuan hazi eta hezi izan balitz, Juan Jose Pujana (1943-2022) legelari aditua baino ez zitekeen izango. Baina, Franco hil osteko Euskal Herrian, hainbat ezkutuko batzar Pujana legegizon gaztearen bulegoan egiten ziren, eta geroztik egokitu zitzaion EAJren izenean ETArekin haustea, Eusko Legebiltzarreko lehen presidente izatea, EAren sorreran parte hartzea eta, besteak beste, Platonen “Errepublika” euskaratzea.

Bilbon jaiotako arratiarra, Deustuko Unibertsitatean zuzenbidean lizentziatua, Juan Ajuriagerraren magalean ekin zion politikan esku hartzeari. EAJren ordezkarietakoa izan zen, Baionako Txiberta hotelean, ETAk armetan jarraitzea erabaki zuen bileran. 1979ko hauteskundeen ondotik, Eusko Legebiltzarraren aurreneko presidente izan zen eta, 1986an, Garaikoetxearekin batera, Eusko Alkartasunaren sorreran parte hartu zuen. Baita alderdi berria utzi ere, 2009an, EAJrekin osatzen zuten koalizioa etetea erabakitzeagatik.

Eskolan ikasia zuen oinarrizko greziera apurrari muzin egin ez ezik, lantzen jarraitu zuen bere kasa. Helenista porrokatua, grezieraz irakurtzen eta idazten ikasi zuen, lehenik, hizketan dezente moldatu gero, eta Platonen “Errepublika” euskaratzeraino heldu.

Giro hartan, “Jakintza Baitha” greziar elkartearen sortzaileetakoa izan zen, Federiko Krutwigekin batera, Alfontso Irigoien, Josu Lavin, Juan Angel Echevarria eta beste tarteko. “Hierax” (Halcón: revista de cultura griega) sortarazi zuten eta, lau urtez (1993-1995) beste hainbeste ale argitaratu.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartekoa, Herrien Europaren Institutuaren eragile, Musikene Goi Mailako Ikastegiaren koordinatzaile nagusi, hainbat libururen idazle eta euskal liburutegi pribaturik jantzienetakoaren biltzaile… Juanjo gero eta urriago geratzen ari zaizkigun errenazentista horietako genuen.

Goian bego.

Pujana, Knörr, Leizaola, Osa Etxaburu
Juan Jose Pujana, legebiltzarburua; Henrike Knörr, euskaltzaina; Jesus M. Leizaola, lehendakari zaharra eta Rafael Ossa-Echaburu, kazetaria. XV. mendeko Muñatoiz gaztelua, 1984.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: