Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Juanito Garmendiaren belaunaldiaren oroitzapenetan

Juanito Garmendiaren belaunaldiaren oroitzapenetan

Amatiño 2015/01/09 01:45
Juan Garmendia Ohorezko Euskaltzaina hil da, Tolosan, 88 urte zituela. Etnografoa, antropologoa, floklorista, miatzailea, ikertzailea, historialaria… gizon ona, langile amorratua, maisu apala eta adiskide maitakorra.

Ezagutu, 1972an ezagutu nuen nik Juanito, artean hogeita zazpi urteko kazetari gazte hasi berria baino ez nintzela. Ordurako 46 urte zituen Juanitok, hainbat libururen egile zen eta, hain zuzen, oso oker ez banago, euskal eskulangintzaz egiten ziharduen bilketaz elkarrizketatu gurarik joan nintzaion Tolosaraino.

Gogoan dut elkarrizketa amaitu ostean eraman ninduela Kale Nagusiko “ultramarinos” denda batera non, barrenean, Iñazio Garmendiak argizaia egiten zuen kandelatarako; eta, barrenago, berriz, sukalde modukoan, tolosar lagun-taldea bildu ohi zen iluntzeroko hitzaspertua egite aldera. Bertan ezagutu nituen hainbat tolosar peto-peto, esaterako: Federiko Zabala historialaria, Antxon Agirre medikua, Segundo Agerri praktikantea, Periko Elosegi saltzailea, Josetxo Uria mendigoizalea, Jesus Mari Azurtza legegizona eta beste edozenbat, Pako Etxeberria zein Antxon Elosegi tarteko.

Artean diktadura bizi genuen oraindik, nik gazte jende zaratatsuarekin lotzen nuen gehienbat euskalgintza, eta kultura maila dezente handiko jaun-talde hura, patxada handiz, niri gogotik interesatzen zitzaizkidan gaiez solasean topatu izanak begiak ireki arazi zizkidan.

Giroa nabarmen gustatu zitzaidan, nonbait, geroztik zenbait bider itzuli bainintzen, Federiko Zabala  historiaz elkarrizketatzeko bai, behintzat, eta Periko Elosegi agurtzeko baino ez bazen ere. Hain zuzen, Perikok kimika eta tindagaiak saldu egin ohi zizkion gure aita zenari eta, hartara, sarri samar etorri izaten zen Eibarrera.

Goian bego gure Juanito, eta bihoakio oroitzapentxo hau bere belaunaldiaren gomutaz eta omenez. Gerra ezagutu zuen belaunaldia, hain justu ere.

Juanito Garmendia eta Oteiza

Juanito Garmendia, Jorge Oteizarekin

Juantio San Martin eta Juanito Garmendia

Juanito biak, San Martin eta Garmendia

Celtiberianet

Julio Caro Baroja eta Jose Migel Barandiaran, bizkarzain

Juan Garmendia

Jose M. Satrustegi, Jose Migel Barandiaran, Antonio M. Labaien eta Juan Garmendia

-- Auñamendi Eusko Entziklopedia.

-- Dantzan..

-- Wikipedia.

-- Celtiberia.net



Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: