Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Juan San Martinen omenetan

Juan San Martinen omenetan

Amatiño 2022/06/22 23:00
Juanito San Martinen euskaltzaletasuna aittatzerakuan derriorrezkua da oin dala hirurogeitaka urteko girua gogoratzia. Ze, orduko aukerak eta oinguak ez dira-ta bape bardiñak. Juanito ez zan euskaltzale soilla izan. Juanito euskaltzale militante, autodidakta eta eibarzalia izan zan.

Oin, euskaltzale izatiak ez daka koplarik, ixa iñor ez dao-ta, itxuraz behintzat, euskerian kontra. Gaurko gazterixiantzat, ostera, normala da ikastolara juatia, euskerazko radixua entzutia, telebisiñua ikustia edo Su Ta Gar-en musikia ipintzia. Eta zer esanik ez interneten sartu, bihar dana hartu, bihar ez dana baztartu, korta-pega eiñ eta kitto.

Gaur dana da erdi-automatikua, ixa-ixa argixa ixotzia beziñ erreza. Baiña, Juanitok euskeraz ahalegintzeko erabagixa hartu zebanian, ostera, euskeria eziñian zeguan, iñok ez zeban euskerian defentsa sutsurik eitten, eta ez zeguan euskeraz bape eskolarik, radixorik, telebisiñorik, egunkaririk edo diskorik. Ezebez, gero. Gerra osteko diktaduria eta desiertua baiño ez.

Gaur egun 800 liburu inguru kaleratzen dira urtero euskeraz. Juanitok 15 urte kunplitu zittuanetik 35 urte izan arteko hogei urte luzetan, ostera, guztira 200 liburu besterik ez ziran plazaratu. Gaur egun hiru hillabetian, orduan hogei urtian beste. Gehixenak Iparraldian eta Ameriketan argitaratutakuak. Danak lortu eta irakurriezkero be, ha zelako panoramia! Esan biharrik be ez, Juanito ez zala euskaltzaletu euskal merkaua ugarixa zalako, literatura ederra zalako edo produkziñua entretenigarrixa zalako, euskal militante amorratua izan zalako baiño.

Baiña, euskaltzale militantia ez ezik, baitta autodidaktia be. Ixa edozeiñek goi-maillako ikasketak eitteko aukeria dakan sasoi honetan konturatzen ez garan arren, Juanito ez zan unibertsidadera juan, ez zeban euskal filologiarik ikasi, ez zeban euskerazko libururik etxian, eskolan, liburu-dendan edo udal-liburutegixan topau. Juanitok ikasi zeban guztia kostata ikasi zeban, bere kontura, maixu barik eta gabaz, liburu zaharrak basarriz basarri eta konbentuz konbentu billatzen, gerran hil ez ziran jakitun apurrak domeketan bisitatzen, eta erbestera igesik juan ziraneri makinatxo bat karta idazten.

Euskaltzale militantia eta autodidaktia izan zala esan dogu, bai. Eta, horrez gaiñera, baitta euskaltzale eibartarra be. Juanitok ez zeban Xuberuako basarri galduren batera juan biharrik sentidu benetako euskera jatorrian zuztarrak billatzeko. Txistada baten jabetu zan bere herrixan bertan zekan berbetia beste iñunguan bestekua zala, bere jaixo-herriko euskeriak ez zetsala beste iñunguari ez zorrik eta ez inbidixarik. Eta berak onduen ezautzen zeban euskeria zala, hain zuzen be, berak onduen batu, landu, aztertu eta indartu leikiana.

Seguru asko, iñoiz ez da benetako euskaltzalia izatia konpromiso samurra izan. Bihar bada, oin be ez. Baiña Juanito ez zan sekula atxekixa merke billa jardun, ezta beste iñok zer eingo begira zain egon be. Biharrari ekin zetsan, "eiñ" egin zeban. Berak beria bete zeban. Ondo asko bete be, gaiñera. Eta gero gerokuak.

Juan San Martin. Literaturaren zubitegia

---oo0oo---

Hainbat ohar:

• Testu hau etxian agertu jatan, Juaniton gaiñeko informaziño billa nebillela. Hasieran behintzat, iñona zala iritxita, ez neban neria izan leikianik pentsau be. Eibartarrak zerrendara be bialdu neban, iñok ezautuko zebalakuan. Baiña iñok ez dau beretzat hartu nahi izan. Iñun argitaratua be ez dao. Eta, itxura danez, testua etxian (papelian) dakan bakarra ni naiz.

• Eibarko euskera-kontuetan aittuak diranen ustez, Eibar guztian lau edo bost lagun baiño ez ei daoz holakorik idazteko gauza diranak. Baiña, biharbada, goiko testua idatzi dauanak ('kunplitu' berbia eta beste) eibarreraz gainera, beste zenbait moldetan be sarri idatzi izaten dau..

• Horrez gaiñera, Su Ta Garren erreferentzixak aitzen emoten desku, testuak urtetxo batzuk dakazela.

• Nik ezarri neikian bakarra  zera da, “korta-pega” esaeria kazetari munduan erabiltzen dala gehixenbat.

• Halandabe, batena zein bestena izan, hona sarian jasota, gure Juanito jaixo zaneko ehun urte betetzian, ez dogu-ta ezkutuko testua betiko linbuan lagako.

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/06/24 19:44
Amatiño, baduzu Juanitoren gainean herenegun eman zenuen hitzaldia errepikatzeko asmorik, funtzionarioak joateko moduko orduan? Badakit interneten topa ezin daitezkeen datu ugari bildu duzula, eta horixe da, gaur egun, benetako ikerketa lan baten bermea. Animatu zaitez, gizona!
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/06/24 19:45
daitekeen
Amatiño
Amatiño dio:
2022/06/25 11:17
Ez da animo kontua, gizona! Niri ez dit inork ezer esan eta are gutxiago eskatu. Eibartarra naiz baina ez igarlea.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/06/25 20:38
Orduan prest zeundeke hitzaldi hori edo antzeko zerbait astegunez arratsaldeko zazpietan eskaintzeko, esaterako Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan? Ez dut uste data adostea zaila litzatekeenik.
Amatiño
Amatiño dio:
2022/06/25 23:27
Batere arazorik gabe. Niri 40 minutuko hitzaldia atera zitzaidan, baina Euskaltzaindiak 20 minutuan laburtzeko agindu zidan. Beraz, 30 minutu egiteko batere zailtasunik ez.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/06/27 10:16
Ados, Amatiño. Ea zer esaten didaten Plaza Barriko egoitzan. Kontatuko dizut. Eskerrik asko
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/06/28 16:04
Amatiño, errepika proposatu diot Plaza Barriko egoitza kudeatzen duen Manuri, eta zurekin hitz egingo duela erantzun dit. Ea ba.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: