Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Juan Mari Uriarte, ardi-usaineko artzain Athleticzalea

Juan Mari Uriarte, ardi-usaineko artzain Athleticzalea

Amatiño 2024/02/21 15:05
Juan Marik ez zuen sekula uste izan Athleticen ereserkiaren akordeak entzun ahal izango zituenik bere hiletan, non-eta Donostiako Artzain Onaren katedralean, baina Jose Ignazio Ansorenaren txistuak ez du mugarik. Gizatasuna da txistulari donostiarrak atzo egin zuena eta, fedea, Athleticzale (1) fruiztarrak entzuten ziharduela sinestea. Ez, gero, mugarik jarri.

Juan Mari Uriarte Donostiako gotzain ohiaren hiletak Artzain Onaren katedraleko eserluak betearazi zituen eta 52 apaiz aldare inguruan bildu, ez baitzen alferrik Juan Mari bera “artzain on eta eredugarria” izan, Fernando Prado egungo gotzainak azpimarratu bezala: “ez zitzaizkion falta izan gaitasun intelektualak eta giza-birtuteak, baina benetan artzain ona izan zen, ardi-usaineko artzaina”.

Egungo gotzainak hamabost minutuko agur pausatu eta sentikorrean gogoratu nahi izan zuenez: “recordamos la vida de un testigo, de un hombre cabal y coherente, que asumió en obediencia su vocación de ser pastor de un pueblo en marcha, en medio de circunstancias complicadas y convulsas, siempre desafiantes para la fe”. Baita ezarri ere: “segurutik ez zuen beti asmatu, inork ez du beti asmatzen, baina unibertsitatean ikasi ez eta inon erosten ez den koherentziaz aritu zen”.

Prado gotzainak gogorarazi bezala, “egungo munduak ez omen du maisurik behar, lekukoak baizik, bizitza osoan zehar esaten duten berbera gardentasunez betetzen dutenak, eta Juan Mari lekuko horietakoa izan zen”. Baita mezua bota ere: “Berak egin zuen egin zuena. Gu, behar den guztia ez egin arren, oraindik denboraz gaude. Oraindik ere bada zer egin, zer baketu eta zer elkartarazi”.

Meza bukatu ostean, eta Ansorenak txistuari amain eman aurretik, Unai Manterolak hainbat bertso bota zuen. Hona, azkena: Itzali zaizu bihotz haundia, isilik negu hotzean // erori dira arnas-gogoak, orbel arinen antzean // guk esperantza ez dugu jarri, heriotza laiotzean // berriro topo egingo dugu, pazko goiza berritzean // maite zaitugu zaude betiko, gu guztion bihotzean.

* Orain lau hamarkada elkarrizketatu nuen nik, Euskal Telebistan, Juan Mari Uriarte Bilboko gotzain laguntzailea zena. Zuzenean hasteko, argi gorria noiz isiotuko zain geundela, Juan Marik galdetu zidan: “zenbat lagun egon leikez une honetan hor aurrean?” Erantzun nion: “Ez larregirik… hogeita hamar milaren bat?” Eta Begoñako pulpitoa txiki iritzita-edo, gotzainak ezarri: “Hogeita hamar mila? Ia San Mames guztia beste!”

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: