Juan Luis Goenaga zendu da
Adinez nabarmen gazteagoa izan arren, Ameztoy, Balerdi, Mendiburu, Zumeta eta beste hainbatekin batera, kritika adituak Gaur Taldearen mugimenduaren inguruan egokitu izan du Juan Luis Goenaga. 1980koa izan zen bere hamarraldirik suspergarrienetakoa, Donostian, Bilbon, Zarautzen, Baionan, Pontevedran, Kolonian, Pragan, Zaragozan, Parisen eta Estatu Batuetan zehar egindako ibilbidean barrena, New York barru.
Hitz gutxiko artista isila -pintura ez omen da hitzez ulertzen eta sentiarazten-- Alkizako XVI. mendeko baserri ezkutuan kokatu zuen bere bizitoki, lantegi eta gordelekua. Museotarako moduko baserri galdu eta eredugarria, non, sarrerako estudio nagusitik ikusita behintzat, ez den batere erraza asmatzea pintura-lanez jositako basetxe zaharkitua den, ala nolabaiteko aterpe etnografikoan pilatutako margo-bilduma.
Juan Luisen jatorrizko saltsa ulertzeko gogoratu beharrekoa da, artistaren gurasoak izan zirela, diktadura-garaian, Donostiako "Aurrera" mitikoaren nagusiak, eta Urbieta kaleko taberna hura zela, hain zuzen ere, garaiko euskal kulturaren zein mugimendu antifrankisten erreferentzietakoa.
Aldi berean, Juan Luisen alabak, Barbara Goenagak, hiruzpalau urte baino ez zituen ETBren Bai horixe lehen telesailean lanean hasi zenean, gero Goenkale eta ondoko beste hainbat tarteko, aktore ezagun bilakatu dena. Barbararen izeko eta Juan Luisen arreba, berriz, Aizpea Goenaga idazle, aktore eta zinema-zuzendaria.
Goian bego Juan Luis, sekula itxurakeriatan jardun ez zen maisua eta berriketa gabeko gizon ona.
.