Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Juan Luis Bikuña zendu da

Juan Luis Bikuña zendu da

Amatiño 2024/11/14 13:20
Juan Luis Bikuña zendu da bart iluntzean, Bergaran, 78 urte zituela. Aspaldian guztiok nahi baino makaltxoago zegoen. Isil-isilik joan da, bake santuan. Beti izan zen bakezalea, nekez haserretzekoa, profesional ona, lankide hobea eta berriketa gabeko laguna. Maitakorra, oso.

Hogei hilabete barru berrogeita hamar urte beteko dira Bergaran bertan aldarrikatu zirela ikurrina, euskara, amnistia eta estatutua. Jendetza handia bildu zen egun hartan eta, ordurako, Juan Luis Bikuña kazetari-lanetan.

1960ko hamarkadan euskalgintzan hasi eta 1970koan loratu zen herri-berriemaileen andanaren aitzindarietako izan zen Juan Luis. Euskal “intelligentsiak” sekulako artikulu burutsuak idatzi beharra sentitu zuen hartan, bere burua apalagotzat zuen Bikuk informazio xumeari ekin zion. Juan Luis Bikuña zen telefono-gidan “corresponsal” jartzen zuen bakarra. Betidanik jakin zuen zer izan nahi zuen.

Juan Luis Bergarako “Ernai” antzerki-taldearen (1965) partaide ezagutu nuen lehenik, eguneroko herri-informazioan zein kultura-erreportaietan gero eta, 1976tik 1982ra, takean potean izaten ziren hildako gorpuen aurrean. Benetan urte latzak bezain aproposak larre motzean hezitzeko eta kale-kazetaritzan doktoratzeko.

EFE agentzian eta “La Voz de España”, “Deia” zein “El Correo” egunkarietan aritu ostean, 1983an ETBrako bidea egin zuen Bikuk. Orduan, benetan gutxi bera besteko esperientziadunik. Gai guztiak zitzaizkion ezagun, euskaraz zein gaztelaniaz, eta sekula ez gero muzinik edo bekozko ilunik. Hain zuzen ere, lanerako jarrerak, denerako prestutasunak, antzerki-eskarmentuak eta, euskaldunen artean, inor baino hobeto erdaraz mintzo izanak eraman zuten Teleberri albistegia aurkeztera.

ETBk sekula egindako lehen Teleberria Juan Luis Bikuñak aurkeztu zuen 1983ko abenduaren 19an. Ez zuen antza txarto egin, hogeitaka urte jarraitu baitzuen pantaila aurrean, beste hainbat programa tarteko (1), beti ere umore onez eta apal asko, sekula harrotu beharrik gabe. nahiz, behar bada, Euskal Telebistako aurpegirik ezagunena izan.

Bergarar peto-petoa, jubilatu ostean argitara eman zuen Iriaun, frantsesen urrea eta Elosu liburua eta bildu zituen Bergarako batzokiaren mendeurrenaren historia eta bertako Musika Bandaren 175. urteurrenarena. Baita "Noticias de Gipuzkoa" egunkarian asteroko zutabea idatzi ere.

Zezenzale amorratua,  gogotik "sanfermineroa" --baina ez horratik korrikalaria--,  2018an Bilboko Club Taurinoak saritu zuen “bere zezenzaletasun jatorrarengatik, bere izakera eta jarrera eredugarriengatik, zezen-plazetan, hedabideetan zein gizarte osoan”.

Besarkada handia Juan Luis. Ez urrutiegi joan, behar zaitugu-eta.

1) El Punto, El Lehendakari responde, Txoko taurino...

Goiena

Berria

ETB


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: