Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Joxemariren omenez, gomutaz eta gorazarrez

Joxemariren omenez, gomutaz eta gorazarrez

Amatiño 2010/08/08 15:07
Telefono-deiak Debako hondartzatik atera ninduen ziztu bizian eta Oikiako industrialderaino eraman. Hamabost minuturen bueltan nere burua aurkitu nuen Joxemari Kortaren lantegi-atarian, autoa kea zeriola eta ni praka motzetan. Inpotentzia, amorrua, negargura, nora eza. Geroztik hamar urte joan dira.

Joxemari gora eta Joxemari behera, Joxemari zena izan dugu hizpide gaur Oikian bildu garenok haren omenez, gomutaz eta gorazarrez. Joxemari kristaua, Joxemari euskaltzalea, Joxemari kirolzalea, Joxemari enpresaria, Joxemari eragilea eta konprometitua; Joxemari senide, lankide eta adiskidea.

Nere aldetik, nik neuk gaur ezagutu ditudan bi zertzelada baino ez nuke hemen aipatu nahi. Batetik Joxemarirekin Saturrarango apaiztegian (1954-1955) egondakoaren lagunarena. Bestetik, aspaldiko urteotan segurtasun-lanetan ezagutu (behar) izan dudan bizkarzainarena.

Gaztelaniaz ez zekitenen taldekoa

Lehenik Saturraranen (1954-1955) eta gero Donostiako seminarioan Joxemarirekin hainbat urte egin zituen jubilatuak kontatu dizkit emozio handiz garai hartan gaztelaniaz egiteko zituzten zailtasunak eta jasan behar izaten zituzten gutxiespenak: Hamaika-hamabi urte baino ez genituen eta erdaraz nekez egiten genuenok 'baserritar' taldetxo bat osatzen genuen. Joxemari eta biok tarteko ginen. Egoera harek erabat elkartu gintuen eta, gero, nork bere bidea egin zuen arren, hurbiltasun harek beti iraun du.

Objektibo garrantzitsua

Bizkarzainak, berriz, ez omen du oraindik ulertzen zergatik ETAk teleagintez aktibatutako lapa-lehergailua erabili zuen Joxemari erahiltzeko. Kortaren kasuan izan ezik, lapa-lehergailuak mugimenduzkoak izaten dira. Hau da, merkurioa  mugitzen da autoa mugitzen den une berean eta, ondorioz, eztanda egiten du. Baina, ez du eztandarik egiten aldez aurretik auto azpian begiratu, ikusi eta mugitzen ez baldin bada. Teleagintez aktibatuez gero, ordea, alferrik da begiratzen hastea, urruti dagoenak zu ikusten zaitu eta nahi duenean harrapatzen baitzaitu. Korta erahiltzeko hautatu zuten teknika oso objektibo garrantzitsuentzat baino ez da erabiltzen. Hiltzaileak ez zuen lehergailua jarri eta aldegin. Zain egon zen Korta hurreratu arte eta, begi bistan zuela, sakatu egin zuen.

                                                                                oooOooo

                                                 Joxe Mariri omenaldia

                                                     Esti Korta Joxemariren ilobak gaur irakurria

Gure Joxemariren erahilketaren  10. urtemuga egunean, gaur hemen bildu garenok geure inguruko eta gure herriko egiazko bakearen aldeko ahaleginean jarraitu nahi dugu eta hauxe jakinerazi ozen:

*    Hiltzailerik ez dugula nahi eta heroirik ere ez dugula behar. Lehen ere gogoz kontrako heroi eta martiriak gehiegi izan ditugu.

*    Bizi jarrera zintzo, indartsu eta gozoz jantzitako bakea maite duten herritarrak direla beharrezko:

     -- Bakerik gabe bizitzea zein gogor den ondo dakiten adinekoei zor diegulako.

     -- Egun gizarteko erantzukizun nagusia duten helduek beren lana egoki egin ahal       dezaten.

     -- Bake egiazkoa amets eta errealitate biak batera izatea espero duten belaunaldi berrietako gazte eta haurrek egiazko etorkizuna izatea merezi dutelako.

Konbentzimendu honek bultzatuta bildu gara gaur hemen, Joxemari bihotzean:

*  Bere oroitzapena bizirik mantentzeko.

*  Bere-berea zuen eta erahil zuten leku honetan bere presentzia sentitzeko.

*  Gure mina eta sufrimendua aitortuz geure buruak indartu eta hezteko, zaila bada ere, gorrotoa eta etsipena gaindituz.

* Joxemarik zituen ametsak geure egiten segiz aurrera gogotsu begiratzeko.

* Amets horiek egiaztatzeko beharrezko balioak lantzen segitzeko.

Guzti honetan aurrera egiteko, gaur gogoratzen eta omentzen dugun familiar, lagun lankidea, aintzindari eredugarria aitortzen dugu. Zera erakusten saiatu zelako beti:

* Gizaki orok duela duintasuna eta bizitza garatzeko eskubidea.

* Ingurukoentzat mesedegarri izatea pozbide dela norberarentzat ere.

* Ekintza bihurtzen den hitza dela bizitza konpartitzen ikasteko bidea.

* Era guztietako enpresa eta erakundeen egitekoa dela zientzia, teknika eta aurrerapena gizakoitzea etikarekin zintzo elkartuz.

* Ikuspegi hauetara belaunaldi berriak biltzea guztion eginkizun ezinbestekoa dela.

Guzti honetan egin zizkigun ekarpen guztiengatik eskerrik beroenak ematen dizkiogu falta zaigun baina hemen dagoen gure Joxemariri; zuei ere, gaur gure ondora, sentimendu eta helburuetara bildu zareten guztiori, mila esker Joxe Mari Kortaren BIDETIK fundazioan elkarturik gauden denon izenean. Aurrera ere lanean jarraituko dugu.

                                                                                                                                                                   Zumaian,  2010eko abuztuaren 8an.

 Marian Zearreta

Marian Zearreta alarguna

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: