Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Joxe Azurmendi, jakintsu maitekorra eta maitatua

Joxe Azurmendi, jakintsu maitekorra eta maitatua

Amatiño 2025/07/03 15:40
Joxe Azurmendi hil da. Jakin Taldearen sortzaileetakoa. Egungo -eta segurutik inoizko— euskal pentsalaririk handienetakoa. Irakasle eta erudito, 41 liburu eta ehundaka artikuluren idazle. Nekez uler daiteke XXI. mendeko euskalgintza, 1956an eta Arantzazun, Joxe Azurmendik eta bere lan-taldeak ekindako bidea gogoan hartzeke.
Joxe Azurmendi, jakintsu maitekorra eta maitatua

Agirrebaltzategi, Intxausti, Torrealdai eta Azurmendi. Donostia, 2017

Gerrarik ezagutu ez zuen lehen belaunaldia, “euskaldun fededun” delako kultura erlijioso dogmatikotik modernitaterantzako zubigintza egin zuena. Ez aurrekorik eta ez aurrekaririk ukatzeke, pentsamendu kritikoa landuz, Europari begira jarrita, euskaratik euskarara... herria, hizkuntza eta kultura garai berrietara egokitzen asmatzen ahalegindu zena. Urte luzetan, garai zailetan, abitu frantziskotarretik abiatuta, beti ere lan-taldean, kultura-eraikuntza ideologikoa proposatzeko gauza izan zena.

Jakin talde zabala izan zen, Joxe Azurmendiz gainera, Joseba Intxausti, Joan M. Torrealdai eta Paulo Agirrebaltzategi sarrien aipatu ohi diren arren. Nork bere esparrua landu bazuen ere, Joxe Azurmendi filosofoa da, behar bada, Euskal Herri garaikidearen pentsalaririk sakonena, oparoena eta euskarak sekula eman duen eruditorik handienetakoa.

Joxeren nondik norako teoriko eta praktikoa ez zen, ordea, batere konplexua. Haren ustez, euskaldunok ba omen dugu beste inork ez duen altxorra: euskara. Eta euskara da, euskaldun izateko tresnarik behinena ez ezik, baita munduari eskaini ahal diogun gure emaitzarik preziatuena ere.

Joxe Azurmendi, pentsalari, jakintsu eta idazle abila, bai; pertsona on-ona ere bai. Baita gogotik maitekorra, maitagarria eta maitatua ere. 

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2025/07/04 11:00
Amatiño, ez dakit arreta deitu dizun hil beilarik eta hiletarik nahi ez izanak. Ez ote da hor zerbait enigmatikoa eta esanguratsua sumatzeko bezain ezohikoa? Oso ekintza biolentoa da pertsona bat idealizatzea eta jainkotzea, eta litekeena da tanatorioetako eta hileta elizkizunetako gehiegizko lerde-jarioa saihestu nahi izana. Auskalo.

Bestalde, heriotzari buruzko orrialde gutxi dago, nik dakidala, Azken egunak Gandiagarekin liburuan idatzi zituenak bezain ederrak. Batek baino gehiagok erabili ditu doluetan lagungarri. Maite ditugun hildakoek joandakoan uzten duten hutsunea da ziur aski heriotzaren esperientziarik sarkorrena, baina bizialdian barrena sufritzen ditugun heriotza txikiak nabarmentzen ditu Joxek: “’partir, c’est mourir un peu’ esan ohi da frantsesez, eta bizitza partieraz beterik dago. Haurtzaroko eskola lagunak, batzuk gero sekula gehiago ikusi ez ditugunak; estudiantetako hiriak atzerrian, edo han alditxo bat inoiz bizi izan zarenak, eta orduko hainbat lagun edo ezagun, gero sakabanatu, haiekin ez baituzu harremanik gorde, etab., zenbat aldiz ez dituzu gogoratu! Joanak joan”.

Denboraren joanak ez du atzera bueltarik: “Hitz batekin laguna kontsolatzeko izan zenuen posibilitatea, eta esan ez zenuena, ez zenuelako momentuan asmatu, edo ez zinelako ahalegindu behar bezala, ez da txarkeria kontua edo ez, baina ja ez da inoiz izango. Ez dauka zerikusirik moralarekin edo erlijioarekin. Bakarrik, ez da. Izan zitzakeen ondorioak, ez dira izango munduan. Ez dago bigarren aukerarik. Entzun nahi izan ez zenuen telefono dei angustiazkoa, inon ez da sekula entzungo. Itxaropen ketu bat da. Eta egin duzuna ere, pasea da ja, itzali da, sekula egin ez balitz bezala da nolabait. Gogoratzen duzu, baina ez da, beste denbora bat da orain. Ez dago iraupenik. Ez dago errepikarik. Ez dago aldatzeko modurik, iragana berregiterik”.

Metafora ikaragarri honekin adierazten du Azurmendik giza kondizioa: “beti geltoki batean bezala zaude, ez dakizun tren baten zain, denak joan eta gero”.
Amatiño
Amatiño dio:
2025/07/04 16:14
Nik Joxe Azurmendi ezagutzen nuen heinean –ia-ia hutsaren hurrengo, alegia--- ez nau batere harritu hilbeilarik edo hiletarik egin ez izanak. Ohikoa egiteko ez dago pentsatu beharrik. Ezohikoa egiteko, ordea, sakon eta luzaro pentsatu behar da. Eta Joxe, lehen eta behingoz, pentsalaria zen. Baina paradoxa bada ere, sumatzen dut kasu honetan ez zuela lar pentsatu beharrik izan. Segurutik aspaldidanik zekien zer egin. Hor ez dago enigmarik. Trena hartu eta kitto.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: