Josu Urrutikoetxea: “Inor hiltzea ez da plazerra”
Hiru hitzetan: ezer berri gutxi. Elkarrizketan zehar adierazten diren edukien arabera eta erantzunen ganoraz, guztia hainbat hamarkadatan Herri Batasunaren baitan nagusi izan zen erretorika ezagunaren froga nabarmena da.
ETAkide moduan, ematen du Josuri 50 urte joan zitzaizkiola jira eta buelta, han-hemenka, inoiz gutxitan parean suertatuz eta sekula erabaki nabarmenik hartu beharrik izan ez balu bezala. Eta ezker abertzaleko militante gisa, berriz, ohiko anbiguitate neurtuan, pilota beti inoren teilatuan egon izan balitz bezala.
“Indarkeria armatua sekula ez da izan ETAren helburua”. Dena izan da gatazkaren ezinbesteko ondorioa. Demokraziarik ezean, diktaduraren aurka aritzeko, ETAk indarkeriari ekin behar izan zion, “bitarteko guztiak erabili behar izan zirelako”. Trantsizioan, zenbait kargu “ez hautetsi” erail behar izan zituen, nahiz aurrez gaztigatu, eskatu bezala dimitu ez zutelako. Demokrazia heldu eta indarkeria biderkatu (hildakoak 9 aldiz gehitu) behar izan zuen, Espainiako gobernuari, negoziazio-mahaian jar zedin, “analisi-elementuak” emateko. ETAk Yoyes hil zuen gizarteratzearen traizio-arriskua ekiditzeko eta gainerako taldekideen artean “minbizia” heda ez zedin. Hipercorreko atentatuan hildakoak gertatu ziren, bonba-abisua denboraz jakinerazi arren, Estatua ez zelako gauza izan hiritarren bizia segurtatzeko. Guardia Zibilaren kuartelen kontrako ekintzetan haurrak zendu ziren, umeok euren gurasoekin bizi izaten jarraitu zutelako, nahiz ETAk kontrakorik abisatu. Iraultza-zerga premiazkoa zen mugimendu independentistaren funtzionamendurako, eta ordaindu ez zuten zenbait enpresariren hilketak gatazka politikoaren ondorioa baino ez ziren izan. Era berean, Miguel Angel Blanco tirokatu behar izan zuten, adierazitako epe barruan Estatuak ez ziolako presoak hurbiltzeari amore eman.
Laburbilduz, Urrutikoetxearen ustez, arazoa ez bide da aztertu behar mafia, estortsio edo mehatxu parametroetan, analisi politikoetan baino eta “besteek” ETAren proposamenak onartu nahi ezean, den-denak aldez aurretik jakinean baitzeuden. Haren ustez, zenbait ekintza “errore” izan zirela onartzeko prest egon arren, gehiago izan ziren nonbait errakuntza estrategikoak, etikoak edo moralak baino.
Gainera, gertakariak horrela jazo arren, hilketok (850 inguru) ez zuten zertaz derrigorrez gertatu beharrik izan. “Heriotza horiek saihesteko aukera izan zen” –ETAren zorioneko analisi politikoei jaramonik eginez gero, jakina--, baina inork ez zuen antza ekidin nahi izan, eta Josu kexu-edo da, garratz asko dioenean: “Inor hiltzea ez da gero plazerra!” norbaitek besterik pentsa lezakeelakoan.
Honek guztiak zentzurik izan ote zuen? Berrogeita hamar urteko bizitza eta jarduna parean joan direnez gero, Josuk ideiekin kontsekuentetzat du bere burua eta baiezko erantzuna besterik ez du sumatzen, ezezkoa onartzeak nork bere bizitza osoa okaztagarritzat ("monstruoso") jotzea esangura izango bailuke... betiko geratuko den motxila astunaz aparte.