Joseba Leizaola, ohiz bestekoa
Donostian jaioa zen (1931), Lehen Euskal Pizkundearen fruituak errotik ezagutu zituen senitartean -- kristautasuna, euskaltzaletasuna, kultura-maila eta abertzale-atxikimendua tarteko--, ez baitzen alferrik Jesus M. Leizaola lehendakari “zaharraren” iloba eta Ricardo Leizaolaren semea, Argia astekariaren zein El Dia egunkariaren sortzaileetakoa.
Hamar urte bete aurretik erbesteratu behar izan zuen, eta hogeita bost urte inguru geroago itzuli zen, Caracasko Eusko Gaztediaren lehendakari izan, ingeniaritza Canadan amaitu, lau hizkuntzaz jabetu eta, Orinocoko oihanean, hainbat urtez lanean aritu ostean.
Isilik misilik itzuli zen Euskal Herrira, Francoren diktadurapeko urte ilunetan, Venezuelan zuen etorkizun eroso eta oparoari muxin eginez. Eta bistan da “sari bako”(1) gauzetan sartu zela buru belarri, berak filmatu zituen-eta, Gazteluko Plazako lehio batetik kirika, Iruñeko Aberri Eguneko (1967) irudi ezagunak.
Demokraziarekin batera parlamentari izan zen, Eusko Legebiltzarrean, 1980tik 1998 arte, eta bertako legebiltzarburu azken zortzi urteetan (1990-1998). Hain zuzen ere, azken-azken legealdian ni izan ninduen Lehendakaritzaren Kabinete-buru, eta hantxe izan nuen sekulako abagunea ezohiko gizon hura bertatik bertara ezagutzeko.
“Ni aldatzeko etorri bazara, hobe duzu alde egin”
Gogoan dut elkar ikusi genuen lehen bileran esan zidala (berak niri!), beretzat ohore bat zela ni lankide izatea, baina “ni naizen modukoa naiz eta, ni aldatzeko asmotan bazatoz, hobe duzu ezertan hasi aurretik alde egitea”. Proposamen mortala gero, komunikazio-arduradunari! Ez zuen bere burua jendaurrean agertu, azaldu edo nabarmendu beharrik ikusten, eta, are gutxiago, ezer dotoretzeko edo zuritzeko premiarik sumatzen .
Zentzurik zabalenean kultura handiko gizona zen, eruditoa, lege zaharreko errenazentista, eta “mundu asko” duten horietakoa. Alemanian, Austrian, Belgikan nahiz Italian izandako europar herrialde-bileretan, Euskal Herriak izan zezakeen ordezkaririk jantziena zen, zer esanik ez kontuan izanik ingelesez eta frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz bezain ondo egiten zuela, lasai, argi eta patxada handiz. Sarri esaten nion, erdi txantxetan, inoiz Euskadik enbajadorerik behar izango balu, nekez aurkituko zukeela Jaurlaritzak bera baino hoberik, ezta hurrik eman ere.
Espainiar autonomietako legebiltzar-bileretan ere ordezkaririk onetsienetakoa zen. Zer gerta ere entzuten zekitenetakoa eta, auzirik larrienean ere, sekulako erantzun argiak ematen asmatzen zuena. Gogoan dut, behin, Meridan ginela, garai hartan euskal arazoetan “txakur” samarra zen Juan Carlos Rodriguez Ibarra Extremadurako presidenteak begirune handirik gabeko iritziak bota zituela euskal autonomiaren bizkar, eta Leizaolak, eztabaida antzutan sartzeke, Jon Maiaren bertsoa kantatu zuen bat-batean: “Ama Extremadura, aita Zamoratik, abuela ta abuelo haien aurretik…”. Baita, ezarri ere, inork itzulpenik nahi izango balu, niri eskatzeko.
Denerako zuen irtenbiderik
Agintari-ardurak ezusteko erantzunak eskatu zizkion sarri. Behin, espetxeratu behar zuten inguruko atxilotu batek bere bikotearekin "vis-à-vis" bat eskatu zuen eta Leizaolak, urrutiegi gabe, gela aproposa kudeatzeko bidea egin zuen. Baita erabili ere, atea itxi eta aurrean zaintzailea jarri ostean.
Beste behin, gerra garaitik ezkutuan zegoen Artetaren 'Romería con ikurriña' bideratzeko modua aurkitu zuen eta, isilpean, gorderik zegoen lekutik Eusko Legebiltzarreko hall nagusira eramanarazi zidan, geroztik erabat ahaztu ditudan bitartekoak erabiliz.
Artetaren "Romería con ikurriña" (1937), Eusko Legebiltzarrean, gaur egun
Bidaiak, beti, autoz
Bidaiarik luzeenak ere autoz egin nahi izaten zituen, ahalik eta hegazkinik gutxien erabiliz. Ez zait sekula ahaztuko Salzburgoko lebegiltzarburuen bilerara ere autoz joan ginela, Leizaola bera, txoferra eta hiruok. Eta hain hitz gutxiko gizona ematen zuen arren, kilometroak joan eta kilometroak etorri, ez zen isildu, han-hemenkako historiaz, arkitekturaz, kulturaz eta ohituraz. Erromatik hasi eta Austria-Hungariako inperioraino. Eskerrak hitz gutxiko gizona zena!
Kultura handiez zein txikiez arduratu ohi zen. Bilera Asturiasko Printzerrian zela-eta, Gasteiztik Oviedoraino joan behar izan genuenean, sekulako xehetasunak eman zizkidan Euskal Herriko, Kantabriako eta Asturiasko baserrien arkitekturaz, zertan ziren berdin samarrak, zertan zeharo berdinezak, noizdanik eta zergatik. Jakituna zen oso, irakurle sutsua, maisu ona eta irakasle hobea.
Bitxikeria gisa, Madrila gindoazen batean, berak esan zidan estreinako, Aranda del Duero eta Lermaren inguruan oraindik dirauen toponimia zaharrak azterketa bereziren bat beharko lukeela. Nonbait, Gumiel de Izan, Bahabón de Esgueva, Caleruega, Haza, Oquillas, Valdezate eta beste hainbat izen bisigodoak-edo izan zitezkeen. Berak bazekien ez zela horretaz batere aditua, baina ez zuen ulertzen inork aztertu ez izana.
Lapurrik ez, inguruan
Jubilatu zen 1998an, eta lau urteko elkar-lanaren ordainez oparitu zidan (berak niri!) Nestor Basterretxeak Eusko Legebiltzarrerako egin zuen eskulturaren kopia bat, Legebiltzarrak Leizaolari berari eskainia. Baita Josebak berak niri opa eta eskuz sinatu ere: “Inork ez dezan inoiz esan lapurtu didazunik”.
Guztia gutxi balitz, marinela zen. Itsasoa zuen maite. Orduak eta orduak bakarrik egoteko gauza ere bazen. Kristoren tipoa, solaskide atsegina, jakitun itzela, lagun ona. Ohiz bestekoa.
1987an, Asturiasko Enol mendi-aintzira inguruan, Ertzaintzaren ardurapeko zazpi lagun helikoptero-istripuz hil ziren, galdua zen 13 urteko mutiko asturiarraren bila ari zirela. Sei euskaldunek eta asturiar batek osatzen zuten erreskate-taldea. Hamar urte geroago, Eusko Legebiltzarrak eta Printzerriko Juntak elkarrekin inauguratu zuten hildakoen omenezko oroitarria. Eskuinean, garai hartako Printzerriko Juntaren lehendakaria eta, bere eskuinean, Joseba Leizaola Eusko Legebiltzarburua.
(1) "Sari bako gauzetan aritzen danari, ez interesa aitatu, alperrik ba ari" (Toribio Etxebarria)