Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Joseba Intxausti, bulegoa zuen erreferentzia

Joseba Intxausti, bulegoa zuen erreferentzia

Amatiño 2023/08/19 13:30
Pentsatu nahi dut zilegi zaidala ez ahaztea, Joseba* Intxausti (Segura, 1936 – Donostia, 2023) frantziskotarra izana zela. Horrela ezagutu, maitatu eta mirestu nuen-eta nik, 1970eko hamarkadan, nahiz sekula frantziskotar jantzita ikusi ez, eta erlijioz ere askorik hitz egin ez. Baina Josebak bazuen ordurako, garai hartan oso gutxik zuen zerbait: bulegoa.
Joseba Intxausti, bulegoa zuen erreferentzia

Durangoko Azoka, 1975

Bulego hitzak ez du, behar bada, gaur egun, gazte jendeak gehien maite duen hitza, lekua edo kontzeptua, bulegolariz jositako gizartea denez oraingoa; baina duela berrogeita hamar urte, euskarak ez zuen bulego zehatzik, nora joan jakinekorik, non erantzunik jasoko fidagarririk.

Niretzat, behintzat --tarteka Donostiaraino joan behar izaten nuen ardi galduarentzat-- Zeruko Argia astekariaren egoitza, lehenik, eta Jakin taldearena, gero, ezinbesteko helmugak, geltokiak edo bisita-lekuak ziren, bertan baino ez nituen-eta aurkitzen, kazetaritzan, liburugintzan edo, oro har, euskalgintzan, egunero zortzi orduz lan egiten zuen jendearekin hitzegiteko betarik. Etxeko bakardadean, eta afalostean, musutruk lan egiten genuenontzat, bulego haiek ziren benetan zerbait aldatzen ari zenaren begi-bistako seinale erreala.

Paulo Agirrebaltzategik esana da: “Joseba idazle izan da, baina eragile ere bai, eta ez nolanahikoa. Bidegileetan bidegileena gertatu zaigu euskalgintzan eta  euskal kulturagintzan”.

Bart hil da Joseba eta han-hemenka irakurri, entzun, ikusi eta jakin ahal izango dugu hark utzitako emaitza naro eta oparoaren berri. Baina berak berariaz egindako emariaren garrantzia inondik ere ukatzeke, auskalo ez ote den galantagoa isilik misilik, diskrezio handiz, urratutako bidea, sustatutako lana eta jorratutako eragina.

Egile ona eta eragile hobea. Euskalgintzaren zuloak eta hutsuneak igartzen zekiena;  pazientzia handiz eta sekula haserretu gabe, lana banatzen asmatzen zuena. Finantza-iturriak sumatzeko ere, sen egokiaren jabe,  batek daki berezkoa ote ala frantziskotarren eskolan ikasia. Baina, zer gerta ere, beti apal, eskuzabal, irribarrez eta laguntzeko prest. 

* Uztailaren 29an jaio zen, eta  gerra zibila uztailaren 18an hasia izan arren, diktaduraren euskararen kontrako jarrera gerora etorri zen. Gurasoek Joseba izena jarri ahal izan zioten seme jaioberriari, normalasun osoz. 

.

Lorea Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti, Joan Mari Torrealdai eta Joxe Azurmendi (Donostia, 2017)

---ooOoo---

Joseba Intxausti kulturgile eta historialaria hil da. Berria.

Joseba Intxausti historialari eta euskaltzalea hil da. DV.

Joseba Intxausti euskaltzain eta historialaria hil da. EiTB

Joseba Intxausti historialari eta euskaltzaina hil da. NG

Joseba Intxausti. Wikipedia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: