José María Iñigo espainiar telebistaren “historikoetakoa” dugu, berrogeitaka urtean denetarik egitea egokitu zaio eta erakusteko moduko curriculuma du. Berari jaramonik eginez gero, nerabetan hasi zen Radio Bilbao eta Cope irratietan, La Gaceta del Norte egunkarian zein Efe agentzian. TVEn (1968), berriz, 26 urte baino ez zituela eta ordutik aurrera, programarik programa, barrena 1985 urte arte. Geroztik, Iñigok lan egin izan du tarteka-marteka Tele5n, La Sextan eta beste hainbat telebistatan. Baita, berak gogorarazi nahi izan duenez, Gaztela-Matxakoan eta “Euskadin ikusi ez ziren Fortaren hainbat programatan” ere. Horrez gainera, hainbat aldizkariren zuzendari izan da eta, han-hemenka, hogei liburu inguru argitara eman ditu.
Iñigok bilbotar petotzat du bere burua eta ez du sorlekua saltzeko, ez baita jakina, mundu osoan, Bilbo lakorik. Baina, esanak esan, barne-muinetako herrimin honetan guztian bada argi ez dagoen zerbait, hots: zergatik une oro sorterria bihotzean daraman bilbotar sutsuak ez dio
Noticias taldeari aitortzen 1986tik 1989ra bitartean edo, hiruzpalau denboralditan ETB2n lan egin zuena? Ezin gero pentsatu ahaztu egin zaionik, euskal informazio-taldeari Gaztela-Mantxa eta Forta aipatu eta bertako Euskal Telebistarik ez?
Auskalo gero zer pasatzen den Jose Maria Iñigoren burutik baina nik behintzat ez dut ahaztu, oraindik bete ez duen arren orduan egin zidan promesa, euskaraz ikasiko zuela alegia. Nik ezetz, beroarena kendu eta ezetz, ez zuela ikasiko. Berak, ordea, baietz, hartara jarriko zela eta baietz. Geroztik ia 25 urte joan dira. Ez da, nonbait, denbora faltaz izan.
Iñigo en directo. ETB2, 1987
Eurovisión, 2011