Jose Mari Oterminen eskolakoa
Euskadi Irratia da, bai, ETB1 baino homologagarriagoa, batere zalantzarik gabe gero, eta ugari dira arrazoiak. Zenbait aipatzekotan:
1. ETB ez bezala, sortze beretik euskara hutsez aritzeko jaio zelako.
2. Gurean, irratiak telebistak baino tradizio joriagoa zuelako.
3. Hasieran behintzat, hizkuntzari eta esperientziari curriculum akademikoari baino garrantzi gehiago eman izan zielako.
4. Irratia alor errazagoa edo telebista bezain korapilatsua ez delako.
5. Ez duelako Radio Euskadirekin erredakzioa partekatu beharrik izan, ETB1-ek ETB2-rekin bezala.
6. Irratiak telebistak baino gizarte-presio urriagoa izan duelako, are urriago euskaraz.
7. Eta, ETB1 bezain anitza edo anitzagoa izateaz gainera, beste edozein euskal komunikabide baino zatia askotarikoagoa delako.
Euskadi Irratiak 30 urte bete ditu azaroaren 23an baina haren ernaltzea bederatzi hilabete lehenago gertatu zen, Astearte Santuz, Ramon Labaienek Jose Mari Otermini eskaini zionean euskarazko irrati publikoa abian jartzea. Ia 31 urte geroago Euskadi Irratiak ditu 100.000 entzule eta da euskalgintzaren egiatasunik nabarmenetakoa. Eta, inori meriturik ukatzeke, guztiaren atzekaldean, bastidore artean, Jose Mari Oterminen eskola dago.