Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Jose Ignazio Vicuña, mutil ona, lagun hobea

Jose Ignazio Vicuña, mutil ona, lagun hobea

Amatiño 2021/10/22 09:20
Jose Ignazio Vicuña adiskidea hil da, 80 urte zituela. ELA gaixotasunak jota, hainbat urte zeraman gurpil-aulkian. Bazekien berandu baino lehen hilgo zena eta sinestezinezko kemenaz eutsi zion azken hilabeteetako bizimoduari, soinez ezindua arren, buruz sendo eta zindo,

Beldur zen, ez zuen inondik ere ukatzen, amaiera gogorregia ez ote zitzaion suertatuko baina, “zorionez”, atzenengo egunetan uste baino lasterrago joan da maldan behera, lasai eta bakean, familiaz inguratua. Goian bego, Vicu.

1940eko hamarkadan jaiotako belaunaldikoa zen Jose Ignazio Vicuña. Eibarko kale eta etxe bonbardatuen artean hazi eta jolasean ikasi zuen gerra osteko andana. Larre motzekoa. Arrazionamendu-txartela zein hauts-esnearen banaketa publikoa ezagutu eta eskolan Cara al Sol kantatzen ikasi behar izan zuena; baina, aldi berean, baita, nerabezaro goiztiarrean, Eibarko industriaren susperraldi bizkorra bertatik bertara ezagutzeko abagunea ere izan zuena. Tailerretan kale-bazterreko iturri-ura  potijotan jasotzen eta edaten zen garaia. 

Jose, ezer bazen, gizakume ona zen, on puska, lagun maitakorra, barriketabakoa, sekula haserretzen ez diren horietakoa; txotxolokeriarik ez, maltzurkeriarik bapez, zer gerta ere laguntzeko prest. Zintzoa eta leiala.

Ez zitzaizkion beti gauzak erraz gertatu. Armagintzaren gainbeherakadak kale gorrian utzi zuen 55 urte  inguru zituela eta Eibartik 700 kilometrora aurkitu behar izan zuen lana, erretiroa hartu arte. Gogotik zaildu behar izan zuen, baina beti kementsu, adoretsu, datorrena datorrela bizitzak aitzakiarik merezi ez duelakoan.

Azken aldiz elkarrekin bazkaldu genuenean berak gonbidatu ninduen. Lasai zegoen, patxadaz, “me ha tocado Luis, me ha tocado”. Zer esan hilzorian egon arren, berak animatzen zaituen adiskideari?

Goian bego, Jóse. Es más que probable que no nos volvamos a ver nunca, pero como si nos viéramos. Un abrazo.

GSC taldea Loiolan 1952-53
Gregorio Santa Cruz maisuaren dantza-taldea, Loiolan, 1952 inguruan. Jose Ignazio Vicuña, Font Andreu gotzainaren alboan, txapelik gabeko altuena. Mutilen artean, Juan Carlos Iraolagoitia, Pello Gisasola, Manuel Lekona, Juan Cruz Vicuña, Ramon Idigoras, Baglietto, Mikel Larrañaga, Roberto Ruiz, Jose Luis Albistegi... Nesken artean, berriz, Mariasun Lekona, Pili Albistegi, Itziar Barruetabeña, Arrate Larrañaga, Arantza Larrañaga etab.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: