Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / José de Arteche aldarrikatuz

José de Arteche aldarrikatuz

Amatiño 2021/10/01 09:25
Liburu-izenburuaren ideia zera da: “Arteche gogoratuz…”. Bapo, baina, hein berean, ez ote zitekeen izan “Arteche aldarrikatuz…”? Izan ere, liburuak esan ez baina, hainbat lerrotan iradokitzen edo aditzera ematen duenez, ez al da, behingoz, José de Arteche zenaren aldeko aldarria egiteko garaia?
José  de Arteche aldarrikatuz

Pedro Berriochoa

Pedro Berriochoa historialariak argitara eman berri du “Recordando a José de Arteche (1906-1971)” biografia, idazle azpeitiarra hil zeneko 50. urtebetetzean. Aurkezpenean Luis Castellsek esan zuenez, “seguru asko Artecheri berari gustatuko litzaiokeen biografia” hain zuzen. Eta idazlana irakurri ostean ezarriko nuke nik, nire kasa, Berriochoa biografoak ere gustura barneratu duela Arteche biografiatua.

Berriochoak begirune handiz adierazten duen moduan, José de Artechek ez zuen asmatu bere bizitzako hiruzpalau une garrantzitsutan. Ez zuen asmatu, 1936an, Frantziara alde egin beharrean Azpeitian geratu zenean (emaztea haurdun zela-eta). Ez zuen asmatu, 1960ko hamarkadan, gerraurreko eta  osteko belaunaldien arteko zubigintzan(1); orobat, nahiz euskaldun peto-petoa izan, hogeita hamar urtean gaztelaniaz idatzi ondoren,  ez zuen euskara landu samarrez idazten asmatu(2); eta hau guztia gutxi balitz, Franco hil (1975) baino lehenago (1971) zendu zen, demokraziak erakar liezaiokeen normaltzeaz baliatzeko abagunea galduz.

José de Arteche gizon on hutsa izan zen, euskaldun fededuna, abertzale sabindarra, jeltzale eta ELAkidea,  langile amorratua (hogeitaka liburu eta bi mila inguru artikulu); ez zuen sekula izan ez etxerik, ez autorik, ez ondasun berezirik, ez soldata handirik, ez oporrik. Ez zion inoiz inori kalterik egin eta ez zuen sekula frankismoaren alde hitz erdirik ere esan; aitzitik, “lerro artean” idatzi behar izan zuen zentsura(3) saihesteko eta, Joan Mari Torrealdaik(4) erreparatu bezala, haren posibilismoari esker Salbatore Mitxelenak argitaratu ahal izan zuen Arantzazu (1949) poesia-sorta; Orixek, Euskaldunak (1950) poema; Jon Etxaidek, Alos-Torrea (1950) ipuin-liburua; eta Lopez Mendizabalek, bere hiztegiaren hainbat argitaraldi; baita Artecheren bitartekotzaz bideratu ere, Euskalerriko Adiskideen Elkartearen Boletina, eta Egan (1953tik aurrera euskara hutsez) zein Munibe (Aranzadi Elkartea, 1947) aldizkariak.  

Segurutik Artechek ez zuen, ez, beti asmatu. Baina, mende erdiren bueltan, lau katu zaharrez gain inork Artecherik ezagutzen edo gogan ez duen honetan,  dagoeneko kontua ez da, ordea, hori. Edo, behintzat, ez hori bakarrik. Funtsezko galdera da besteok beti asmatu ote genuen. Eta ez “traidoretzat” jo genuenean soilik, baita ere mespretxatu edo erdeinatu genuen bakoitzean, ez ikusi egin genionean, edo gutxieneko giza-enpatia ukatu genion guztietan. Behar bada, errazten ere, berak ez zuen errazten asmatu.

Liburuaren izenburua da “Arteche gogoratu”; baina, haratago, ez ote zitekeen “Arteche aldarrikatuz” izan? Hain zuzen, liburuak esan ez du zehatz esaten baina, zenbait lerrotan iradokitzen edo aditzera ematen duenez, ez al da behingoz Jose de Artechek ordezkatu nahi izan zuen "hirugarren bideari" muzinik ez egiteko ordua?

---oo0oo---

  1. Arteche ez zen Zeruko Argian ere eroso sentitu, baina ezin esan 1970ko erredakzio hartan lekuko izan zituenak --Miren Jone Azurza, Mikel Atxaga, Donato Unanue, Mikel Ugalde, "Anatsan", Jose Mari Aranalde, Gurutz Ansola edo Edorta Kortadi-- haren antipodetan zeudenik eta, areago, marxistak zirenik.
  2. Ez zen belaunaldi-kontua izan. Karlos Santamaria Arteche baino hiru urte gazteagoa besterik ez zen, eta Koldo Mitxelena eta "Ayalde", bederatzi urte gazteagoak. 
  3. "El abrazo de los muertos. Diario de la guerra civil, 1936-1939", liburua 25 urtez eduki behar izan zuen etxean gordeta, argitaratu ezinik.
  4. "De la hoguera al al lápiz rojo. La Censura franquista en el País Vasco". Joan Mari Torrealdai. Donostia, 2019
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: