Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Joño, abangoardia heldu egin da!

Joño, abangoardia heldu egin da!

Amatiño 2013/02/25 23:15
Bai, hemen da, heldu da, ia berrogei urteko atzerapenaz baina abangoardia heldu egin da. Umetan abestu ohi genuen bezalaxe, Gabon gaboneta, larrosa larroseta, Sortu jaio da-ta, jo daigun krisketa!

“Berrogei urte eta orain hau” esan zidan Benigno Baskaranek, Alderdi Sozialistak ez zituelarik irabazi demokrazia berreskuratu osteko lehen hauteskundeak. Eta aukera-maukeran orain ere esaldi beretsua: “berrogei urte eta orain hau!”

Ia berrogei urte, bai, ezker abertzaleak erabaki zuela diktadura osteko espainiar demokrazia hiru semaiko txistua baino ez zela… Benetako askatasunak eta sozialismoak ganorazko borroka armatua eskatzen zutela; eta tiroka, indarraren arrazoiaz, lortuko zuela hauteskundeek ukatzen ziotena.

Lau hamarkadotan gutxietsi, umiliatu eta mehatxatu gaituzte; lagunak –eta lagunak ez zirenak-- erail eta iraultza-zerga eskatu; “zipaioak”, “traidoreak”, “españolistak”, “vascongadoak” eta “txakurrak” deitu gaituzte. Dena, hori bai, euren eredura irudikatutako herriaren izenean eta beraien neurrira araututako giza-eskubideen aldarrikapenetan. Eta hau guztia ia berrogei urtez gutxi bailitzan, astebete besterik ez, ez direla zehazteko gauza izan bizia zor diegun ala euren ekintzetan ezinbesteko traba baino ez garen izan.

Bai, hogeita hamazazpi urte behar izan ditu harako abangoardiak espainiar Konstituzioa onartzen amaitzeko, espainiar bandera mastarik masta jartzeko eta eraso dituzten herri-erakundeak baliagarritzat jotzeko.

Abangoardia horrelakoa baldin bada, zelakoa ote erretagoardia! Beste berrogei urte behar izango al dituzte euren erritmoa hartzeko?

Jarrai

Goardia Zibilaren esanetara, "mikrofono eta lumadun txakurrak" hainbat komunikabidetan, ETB1ko zein ETB2ko aurpegi ezagunak tarteko

Gonzalo Etxague
Gonzalo Etxague dio:
2013/02/28 00:16
Oso ondo, Amatiño, barrenak ondo hustea espero dut, baina horixe izango duzu poz bakarra, berrogei urte pasa ondoren orain dela berrogei urteko kaka berberean jarraitzen dugulako. Poztekoa al da? Zuk ez duzu inoiz independentzia edo independentziaren antzekorik ikusiko, ezta nuek ere, zu baino askoz ere gazteagoa izan arren. izan ere, berrogei urte hauetan, egunez egun independentzia urrundu egin da herri honetatik. Barre egitekoa, bai, negar ez egiteko. Kontsuelo bakarra elkarri harriak botatzen jarraitzea da "bizirik" gaudela pentsatzen jarraitzeko, kontrakoaren porrotak norberarena estaltzen duelako. Eta hauxe izan da gure bizitza. Zuk jarraitu alai, noski.
Amatiño
Amatiño dio:
2013/02/28 00:56
Ni ez nago ez alai eta ez triste. Ni bizirik nago eta bizirik jarraitu nahi dut, nire gogoetak egin eta kitto. Nire ikuspegia eman, zaharraren ikuspegia segurutik, baina nirea.

Nonbait zure helbururik nagusiena, zelan edo halan, independentzia da. Nirea ez, ordea; nik elkar hiltzen lortutako independentziarik ez dut nahi.

Ez dakit zenbat urte dauzkazun, baina zure espektatibak horren politikatuak baldin badira --zure aukera da eta ez dizut bestelakorik esango-- ez didazu batere enbidiarik ematen. Leihoa ireki mutil!
Gonzalo Etxague
Gonzalo Etxague dio:
2013/02/28 02:22
Amatiño, zure ikuspegia zahar batena bada, zahar jaio zinen agian, edo, auskalo, egiaz jantzia, akatsa edo bertute, ezer gutxi aldatu baitzara. Ez diozu, beraz, adinari ezer leporatu behar. Lasai horregatik. Baina, zure hausnarketak politikarekin lotuta daudela ukatzen baduzu, leihoekin baizik, ez dizut esango zure espektatibak horren politikatuak direnik, zure bizitza osoa horren politituta dagoela baizik; alegia, leihoa irekitzearen eta politikaren arteko eztabaida bereizteko gaitasuna ere galdu duzula. Hala da, edo bestela eztabaidatzeko gaitasuna edo interesa galdu duzu, edo erantzun erraza eman duzu. Nolanahi ere, adinak ez du begirunea galtzeko eskubiderik ematen, tentazioa bai, oso handia, baina eskubiderik ez. Ardura zaitez, beraz, zure leihoaz, eta ni neureaz arduratuko naiz, hemen inoren leihoa ez baita eztabaidagai, eta ez dago hizpidera zertan ekarri, are gutxiago polikaz aritzeko. Zure adinaren alferkeriari egotziko diot hutsa, adinak jakinduriaz gain alferkeria handia ere ekartzen duela jakina baita. Neu ere eskarmentutik mintzo natzaizu. Esanak esanda, bi mailak ondo bereiztea espero dut.
Orduan harira. Zuk independentziarik nahi ez baduzu, bejondeizula, pozik zein triste. Baina zure jarrena, urtetan hainbeste irain jaso behar izan duen zure jarrera hori, independentziaren nahiarekin lotzen ez baduzu, orduan, ezin duzu ezker abertzalearenarekin parekatu, honek independentzia nahiko lukeen neurrian. Konstituzioa onartu? Zer esango dizut, ba! Etika mailan nahiago dut konstituzio hori onartu inor hil baino. Baina, zuk, ordea, ahulezia handiagoa ikusi bide duzu konstituzio hori onartzean inor hiltzean baino. Ondo aztertu azken esana, hausnartu ondo, zure kritikaren abiapuntua izan baita. Hitz gakoa ahulezia da. Baina, itzul gaitezen harira. Uler dezazun, Amatiño: biok geltoki berean egoteak ez du esan nahi biok leku berberera joango garenik. Alabaina, geltoki honetatik inora joaterik ez dagoela eta horregatik ezker abertzaleari mendeku hartu nahi diola esan nahi baduzu, bada, orduan nire aurreko iruzkinari erreferentzia egiten diot ez luzatzeko. Orduan zure jarrera amorru pertsonaletik baino harago ez lihoake.
Nolanahi ere, Amatiño, leihoko gozoetan politikaren gaziak berdindu nahi dituztenek politikan porrot egin dute. Leihoaren kontsuelua geratzen zaie, noski. Baina, gogoratu behar dizut, politikaz ari gara, ez bizitzaz. Familia ondo, ezta?
Amatiño
Amatiño dio:
2013/02/28 09:21
Irakurle objektiboak esango luke --nik uste-- hemen amorratua dagoen bakarra zeu zarela. Eta asmatu ezinean ari dena ere, zu zeu, bizpahiru aldiz gogorarazi behar izan baitiozu zeure buruari: Harira!

Gatozen ba harira: nik ez dut esan independentziarik nahi ez dudanik “elkar hiltzen lortutako independentzia” baizik. Zuri ordea, antza, onargarri litzaizuke inor hiltzea, behingoz independentzia lortzearen truke.

Beraz, nahiz zuk besterik uste, benetako arazoa ez da geltoki berberetik irten arren leku berberera joango ez garena. Kontua da, ni ez nagoela –ez naizela egon orain arte behintzat— zure geltoki berberean.
 
Geltokiz aldatu baduzu eta nire geltokira etorri, zuk jakingo duzu zergatik. Baina ez nirekin haserretu, zure buruarekin baino.
Gonzalo Etxague
Gonzalo Etxague dio:
2013/02/28 11:31
Kritikaren azalean geratzea argudio eskasa da, baina goazen harira: "Zuri ordea, antza, onargarri litzaizuke inor hiltzea, behingoz independentzia lortzearen truke", esan didazu. Nola liteke? Nola esan dezakezu horrelakorik nik idatzitakoan halakorik ez badago eta ezagutzen ez banauzu? Zure asmoa ez da zintzoa, Amatiño, eta aurreiritziz beterik zaude, ikuspegi manikeoaren ondorioz. Oraindik pentsatzen duzu amorruz beterik dagoena neu naizela?
Amatiño
Amatiño dio:
2013/03/01 10:09

Adiskide, ni prest nago kontrako argudio guztiak entzuteko, kontraesanak onartzeko eta oker egon naitekeela aitortzeko, baina nire arrazoiak uxatzeko nire zintzotasuna zalantzan jartzen duenarekin ez dut denborarik galdu nahi. Arrazoi bazenu, zuk moztu beharko zenuke. Eta ez bazenu, nik.

Bapo ba, nire asmoa ez da zintzoa eta zurea bai; aurreiritziz beterik nago, eta zu ez; ikuspegi manikeoa, nirea, ez ordea zurea. Ba oso ondo, zorionak bene-benetan. Nik beti mirestu izan ditut euren burua horren segurutzat jotzen dutenak. Eutsi goiari.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: