Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Jon, non zaude?

Jon, non zaude?

Amatiño 2020/10/10 10:00
Grande Days, Xabier Erkizia eta Elena Setién elkarrekin bildu ziren aurreko igande iluntzean, Donostiako Antzoki Zaharrean, Jon Miranderen hainbat poema musikaturen diskoa (“Mirande" – Forbidden Colours 2020) aurkeztekotan. Horixe zioten behintzat deiak eta erositako sarrerek.
Jon, non zaude?

Igelak, 1951

Zergatirik inork adierazi ez arren, esandako orduan baino hamar minutu beranduago ekin zitzaion emanaldiari eta, ondotik, ez aurkezpenik, ez azalpenik, ez nondik norako hitzerdirik ere. Ekitaldiak 45 minutu iraun zuen ozta-ozta, batere etenik eta bestelako argibiderik gabe.

Jendez, pandemiaren baldintza murritzak direla-eta, bete antza. Entzuleen artean, 50 urtetik gorako dozena erdiren bat lagun izan ezik, bikote gazte asko eta, gehienbat, hogeitaka urteko neskak nabarmen nagusi.

Eszenategia, hotza, xuhur eta uzkur samarra. “Naturala” ote? Kanta-saioa, vintage tankerakoa, lau-laua. Irudi-agerpena, berriz, giro berekoa, ilun eta goibela. Ahotsak, ordea, batere aitzakiarik gabe, onak.

Nahiz “illargia”, “igela”, “erran” eta honelako hitz solte batzuk baino sumatu ere sumatu ez, entzuleriak pozik zirudien eta, tarteka-marteka, baita susper eta esker oneko oihu eta txilioak bota ere.

Amaieran, oholtza gainekoek zein azpikoek urbitsetan ematen zuten, alai eta kontent. Txalo zaparrada ugari eta irribarrea gogotik.

Ni eta nire inguruko zenbait, ordea, aho zabalik, ezjakinez, igande arratsalde euritsuan zertara joan ote ginen Donostiaraino asmatu ezinik.

Jon, non zaude?

Diharce, Mitxelena, Mirande
Xabier Iratzeder, Koldo Mitxelena eta Jon Mirande (Arantzazu, 1956)

 

Jon Mirande. Bidegileak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: