Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Joan Miróren errealitate absolutua: albiste txar bat eta aholku bi

Joan Miróren errealitate absolutua: albiste txar bat eta aholku bi

Amatiño 2023/02/21 17:35
JOAN MIRÓ. ERREALITATE ABSOLUTUA. PARIS, 1929-1945 delako erakusketa maiatzaren azkenetaraino izango da Guggenheim Museoan. Surrealismoaren aitzindaririk nabarmenenetakoaren laurogeitaka obra bertatik bertara ikusteko aukera ez da edozein “urte buruzuritan" gertatzen. Artea lar gustuko izan edo ez, ikusi beharrekoa.
Joan Miróren errealitate absolutua: albiste txar bat eta aholku bi

Erakusketa-kartelaren parteetakoa

Hala ere, arte-adituari ez diot nik ezer esango, besteak beste nekez egongo delako nik zer esango zain. Baina zilegi bekit arteaz –eta arte modernoaz— ezer gutxi dakikeenari albiste txar bat eta bi aholku xume ematea.

Albiste txarra

Albiste txarra da, Mirók besterik nahi izan arren, erakusketak ez dizula zirrara handirik eragingo. Eta hau aldez aurretik adierazi beharra dago, artista katalanak esan baitzuen bere aurrenengo helburua –zeinahi zelarik margolana— distira sortzea zela, astindua, sentsazioa, zirrara eta hunkipena sentiaraztea --musika, literatura edo erlijio-sentimentuaren pare alegia--, sena eta zentzua geroago etortzekoak direlakoan.

Nago, ordea, erakusketa honetan distira eta astindu gutxi dagoela praktikan, besteak beste, astindurik egotekotan, laurogeitaka leudekeelako elkarren ondoan. Nonbait distira larregi, bat-edo-batek zirrara bakar, bakan edo bakunik eragiterik izan dezan. 

Eta bi aholku

Bisitariari eman beharreko lehen aholkua, apal jokatzeko kontseilua da. Joan Miróren arte-emaitzaren aurrean sarri suertatu ohi da haren margolana “haurkeriatzat” joko duenik. Edota, “ez dirudi zailegia… hori edonork egin lezake” uste izango duenik.

Alferrik tronpatu aurretik gogoan hartu behar, ordea, Miróren barne-muinetan aparteko arte-sena egoteaz gainera, haren bizkar gaineko motxilan zeudela errealismo magikoa, kubismoa, fauvismoa, dadaismoa, espresionismo abstraktua, surrealismoa, sinbolismoa eta beste hainbat ismo-hamarkada, erakusketa honetako azken urteetako konstelazio-sorta eta ideograma nahiz zeinu-hizkuntza loratu eta gorpuztu arte. Sinpletasunaren zailtasun aberatsa.

Bigarren aholkua, berriz, ez dadila joan erakusketara nahiezta, presaka eta harrapataka, ordu erdiz kunplitze aldera. Jakinguraz joan, astiz hartu, aldez aurretik Miró zenaz zertxobait irakurria eta jantzia abiatu, ez larrugorritan hurbildu. Erakusgelaren sarreran QR kodez gida jaitsi (euskaraz ere bada) eta, nahiz orgasmora ez heldu, gutxienez abaguneaz baliatu. Ez duzu-eta, luzaroan, beste betarik izango.

Inoizko beste aukerarik eza ez al da gainera, besterik gabe, zirraratsu samarra?

Soirée snob chez la princesse
'Soirée snob chez la princesse', 1946 - Osperik handieneko unean margotua.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: