Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Jesús Arpal irakaslearen bonhomia eta "vis" akademikoa

Jesús Arpal irakaslearen bonhomia eta "vis" akademikoa

Amatiño 2023/04/11 22:00
Ez dut uste, gero, batere erraza izan daitekeenik euskarazko Wikipedian aurkitzea, erdarazko bertsioetan aipatzen ez den soziologorik. Balirudike ezinezkoa litzatekeela, gainera, Zaragozan jaioa izateaz aparte, euskaraz ez baleki. Baina bat, behintzat, izan bada: Jesús Arpal Poblador (1940-2023).

Anomalia honek adierazten du beste ezerk baino hobeto, arestian eta batere zaratarik gabe hil berri den Arpal maisuaren izaera eta portaera.

Arpal liburua

1969 urtean-edo ezagutu nuen Jesús Arpal, ni Bergarara ezkondu eta bera, Filosofian lizentziatua, irakasle lanetan bertaratu zen garaian. Hain zuzen, duela 50 urte, euskal gaiaz aurkeztu zuen bere doktorego-tesia 1973an. “Una familia en un mundo tradicional: LOS GARAGARZA DE ELGOIBAR” (1), zeina, aditu familia anonimo baten nondik norakoa --XVIII-XIX. mendeetan zehar--  ikertzen zuen aldetik, adituek formulazio berritzailetzat jo zuten.

Izan ere, Jesus Arpal izan zen Jose Luis Elkoro alkateari proposatu ziona  UNEDen sorrera, 1976an. Bergaran, eta Jesus bera izan zen lehen zuzendaria (2), lau urtez (3). Geroztik etorri ziren, errenkadan, “Antropología social de una comunidad histórica en Gipuzkoa” (1978), “Sociedad tradicional en el País Vasco” (1979), “Educación y sociedad en el País Vasco” (1980),  “Las ciudades” (1983) eta beste.

Horrez gainera, bakarka zein taldeka, edozenbat azterketa, txosten eta artikulu burutu zituen soziologiaz nahiz hezkuntzaz, eta hamarren bat tesi zuzendu gizarte-zientziez, nazio-hezkuntzaz, herri-mugimenduez, Debagoienako industria-zuzendarien jokamoldeez, literaturaren gizarte-balioez, nekazal-gizarteaz eta herri-antzerkiaz, euskal pilotaren erritoez eta estetikaz, postmodernismoaz, etnometodologiaz eta abarrez,

Maisu ona, gizon hobea, apala eta atsegina, irakasle maitatua,  beti laguntzeko prest eta beharrezko azalpen guztiak emateko gertu. Nik ez nuen ikasle gisa ezagutu, kazetari petral eta hasiberri nintzenez baino, baina ezagutu ere ez nuen ezagutu hartaz gozo hitz egingo ez zuen soziologo edo bestelako lankiderik 

Sajazarrako herri-liburutegia

Jesusen izaera adiskidetsu eta eskuzabalaren adierazgarri da jubilatu ostean bere emaztearekin, Adelina Moya, Burgosko Sajazarra herrixkan moldatu zuen liburutegi irekia, etxean zeuzkaten arte eta literatura liburuez, eurok apropos jarritako arasa eta apaletan. Baita ekimen haren inguruan sortu zen giroaren kariaz hainbat jardunaldi eta hitzaldi arrakastatsu antolatu ere. Inoiz, 60 entzule beste biltzeko gauza izan omen ziren senar-emazteok… 126 biztanleko herrian.

Jesus Arpal aurreko otsailaren 6an. hil zen (4), 82 urte zituela, batere zarata eta abarrik gabe. Haren lankide, ikasle eta lagunek ez dituzte maisu handiaren “bonhomia eta vis akademikoa” sekula ahaztuko.

1) 1973 urtean irabazi zuen Basauriko udalaren III Euskal Ikasketak Saria. Etxean daukadan alea Jesusek berak bidalia da.

2) Jesus Arpalen 1976ko pare bat argazki dauzkat artxiboan, baina "negatiboan"

3) 1980 urtean, Luis Bandresek ordezkatu zuen karguan.

4) Wikipedia ez da oraindik heriotzaz jabetu..

Jesus Arpal eta Adelina Moya
Jesús Arpal eta Adelina Moya senar-emazteak, Sajazarran irekitako herri-liburutegian. 2017 urtean.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: