Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Jazza: unean uneko unea, liparra

Jazza: unean uneko unea, liparra

Amatiño 2024/05/01 23:50
Gonzalo Tejada (Donostia, 1960), Angel Unzu (Iruñea, 1961) eta Iñar Sastre (Anoeta, 1986) musikariak harribitxiak dira oso, bakarka ere; zer esanik ez, gero, elkarrekin. Luxu hutsa. Hiperbole musikala eskaini berri digute bart, VEC aretoan, Nazioarteko Jazz Eguna kari.

Sarrera gisa erretorika nabarmenaz galdetu bezala, zer da jazza? Jazza ez da honezkero Mississippiko ibarretan txirikordatutako erritmo afroamerikarren koktela. Jazza “instantea” da, unean uneko unea, liparra. Ordu eta erdiko liparra, Gonzalo Tejada (txelo elektrikoa), Angel Unzu (1) (gitarra klasikoa) eta Iñar Sastre (piano klasikoa) hirukoteari amain emanez gero.

Luna” (Gonzalo Tejada, 1990) ereslan sarituaz hasi eta “ez usteko” azken propinaraino ez zen, jakina, jazz peto-petorik falta izan, "estiloen arteko hesiak hausten dituena",  baina ezta folk, pop, bossanova eta herri-doinurik ere,  nork bere kasa egindako sasibukleak eta inprobisazio-jokoak (2) tarteko. Ikuskizun edo, hobeto esan, “entzukizun” aparta bezain atsegin eta asperrezina.

Programa eklektikoa, "irekia eta gertukoa, era guztietako entzuleentzat",  han-hemenka hartutako jatorriez osatua. Amaiera aldeko herri-doinu errumanierrak direla eta, Gonzalok berak aditzera (3) eman bezala, azpimarragarri da zein hurko ematen duten sarri eslabiar, hebrear, arabiar edo palestinar aireak… Zergatik elkarrengandik hain hurbil sumatzen ditugun herri-doinuak ez dira gero…?

1) Ezin ahaztu Angel Unzuren partaidetza, Mikel Laboarekin batera,   2006ko  Zurriolako hondartzako ekitaldian, Bob Dylanen kontzertuaren ataritan.

2) Sarri pentsatu izaten dugu inprobisazioa "bigarren" mailako musikagintzan baino ez dela ematen. Baina , besteak beste, Bach eta Mozart izan omen ziren sekulako inprobisatzailerik handienak.

 3) Gogotik eskertzekoa, ez baitira ohikoak erraztasun txukunez mintzo diren musikarien aurkezpen eta azalpenak.

.

JazzGonzaloTejada
Iñar Sastre, Gonzalo Tejada eta Angel Unzu, Victoria Eugenia Clubean

.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: